NAIZ
Durango

Ireki ditu ateak Durangoko Azokaren 51. edizioak

Milaka ikasle izan dira protagonista Durangoko Azokaren lehen egunean. Landakok goizean zabaldu ditu ateak eta hilaren 6ra bitarte liburu eta disko eskaintza zabala izango da haur, gazte nahiz helduentzat.

Goizeko 10:15ean Karrika Antzerki Taldekoek ‘Deshakespearezioa’ obraren 15 minutuko eszenifikazioa egin dute Durangoko Azokaren 51.edizioaren ateak zabaltzeko, Donostia 2016ri keinu eginez.

Ohi legez ikasle eta gazteei zuzendutako egunarekin abiatu da Azoka eta Landakoko ateak ireki orduko milaka haur eta gazte arrapaladan sartu dira, aretoko kaleak eta Azokako gainerako espazioak betez.

Gazteek hainbat tailer izan dituzte eskura: robotika, komiki tailerra, euskal kantagintza, literatura... Mila ikaslek baino gehiagok parte hartu dute jardueretan, baina askoz gehiago izan dira Euskal Herri osoko ikastetxeetatik etorritakoak, antolatzaileek azaldu dutenez.

Horrekin batera, Durangon oraino izan ez direnentzat akuilu izaera bereganatu du azokak lehen egun honetan. Aurten, gainera, euskara ikasleentzat ekitaldiak ere prestatu dituzte.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala 19:00etan izango da Areto Nagusian. Bertan izango dira Gerediagako presidente Nerea Mujika, EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoin, Durangoko alkate Aitziber Irigoras, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Diputatu Lorea Bilbao eta Lakuako Kultura Sailburu Bingen Zupiria.

Hortik aurrera, disko, liburu eta eskaintza zabala errepikatuko du aurten Durangok, Landako guneak gidatuta.