NAIZ
DONOSTIA

Castroren legatua goretsi eta aktibatzeko deia luzatu dio Sortuk euskal gizarteari

Fidel Castroren omenezko ekitaldia egin du Sortuk Donostian. Bertan, komandante kubatarraren legatua goretsi du alderdi independentistak eta, hark egin bezala, Euskal Herriaren eskubideen alde borroka egiteko dei egin dio euskal gizarteari.

Sorturen ekitaldia, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Sorturen ekitaldia, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Ekitaldia egin du Sortuk Donostiak, Fidel Castro omendu eta bere «ekarpen militantea» goresteko. Bertan, Arkaitz Rodriguezek hartu du hitza alderdi independentistaren izenean.

Hala, Castro «ezinbesteko» horietako bat dela aldarrikatu du, utzi duen legatua nabarmenduz. Ostera, handik eta hemendik kolpeak jaso dituela salatu du.

Eta ohartarazi du bataila berri baterako prestatzeko unea dela: «Ezkerreko independentismoak antolatu, indartu eta kaleak hartu behar ditu, Euskal Herriaren nazio aitortza lortu eta erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko».

«Fidelek egin ohi zuen legez, adi egoteko deia luzatzen diogu euskal jendarteari, antolatzeko deia luzatzen diogu, mobilizatu eta aktibo mantentzeko deia. Egin dezala borroka Euskal Herriaren eskubideen alde», azpimarratu du.