NAIZ
DONOSTIA

Eremu urriko hizkuntzez eta literaturaz mintzatuko dira Cercas, Darrieusecq eta Zelik

Hilaren 12an eta 13an, Donostia 2016k Anjel Lertxundiri emandako karta zuriaren emaitza diren solasaldiak izango dira Gipuzkoako hiriburuan: Javier Cercas, Marie Darrieussecq eta Raul Zelik idazleak hizkuntza ez-hegemonikoetan sortutako literatura hartuko dute hizpide, Karlos Cid, Adan Kovacsics eta Miguel Saez itzultzaileak lagun izango dituztela.

Antton Valverde, Xabi Paya, Anjel Lertxundi eta Harkaitz Cano, ‘Demagun 100 urte barru’ saioen aurkezpenean. (NAIZ)
Antton Valverde, Xabi Paya, Anjel Lertxundi eta Harkaitz Cano, ‘Demagun 100 urte barru’ saioen aurkezpenean. (NAIZ)

Donostia 2016k bere karta zurietako bat Anjel Lertxundiri eskaini zion, eta Europako Kultur Hiriburuak emandako lizentzia horri erantzun dio idazle gipuzkoarrak, eremu urriko hizkuntzak eta literatura uztartuko dituzten ‘Demagun ehun urte barru’ topaketekin.

Witold Gombrowicz idazle poloniarraren espekulazio batetik abiatzen da proposamena. Czeslaw Miloszekin gutun-trukaketa batean, Poloniako literaturaren etorkizunaz ari zirelarik, Gombrowiczek esan zion: «Hemendik ehun urtera, artean gure hizkuntza existitzen bada…». Gombrowiczen antzera, idazlearen lan-tresnaren ziurgabetasun egoera, euskararena kasu honetan, bada, izan ere, Lertxundiren arduretako bat.

Idazle oriotarrak kezka hori konpartitzera gonbidatu ditu Donostiara hiruna idazle eta itzultzaile europar, Hiriburutzarentzako prestatu duen ‘Demagun ehun urte barru’ proiektuaren baitan. Garapenean, Harkaitz Cano idazlearen laguntza izan du.

Javier Cercas, Marie Darrieussecq eta Raul Zeliki, tradizio literario sekulakoa duten hizkuntzetako idazleei (gaztelania, frantsesa eta alemana, hurrenez hurren) ahalegina eskatu die Lertxundik euren burua hizkuntza ez-hegemoniko bateko idazle gisa ikusteko. Tradizio literario urriak, diglosiak, mendeetako ofizialtasun faltak edo hizkuntzaren bizi-iraupenari buruzko zalantzak markatutako ele bateko sortzaileen larruan jarrita, beren idazketa prozesuan izango lukeen eraginaz hausnartzera gonbidatu ditu.

Itzultzaileak ere batu dira ekimenera, globalizazioaren eraginpean dagoen testuinguru kulturalean, Lertxundik funtsezkotzat jotzen baitu beraien ekarpena hizkuntzen arteko joan-etorrian eta iraupenean. Hala, idazleekin batera solastuko dira Adan Kovacsics (idazle austriar eta hungariarren itzultzailea), Miguel Sáez (alemanezko literaturaren klasikoen itzultzailea) eta Karlos Cid (txekiera-euskara itzultzailea).

‘Demagun ehun urte barru’ Donostia 2016ren urte amaierako programazio bereziaren baitan aurkeztuko da, abenduaren 12an eta 13an Aquariumean izango diren saio banatan (19.00etan). Antton Valverdek, pianoan, girotuko ditu topaketak eta Goizalde Landabaso izango da moderatzaiea.

Egitasmoarekin, Donostia 2016ren hiru zehar-lerro uztartu ditu Lertxundik: hizkuntza-aniztasunaren jasangarritasuna, enpatia sustatzea eta europar dimentsioa.

Solasaldietan jasotako hausnarketekin liburua argitaratzeko asmoa dago datorren urtean.