NAIZ
BAIONA

Ametsari burujabetzaz eutsi ahal izateko sustengu ekonomikoa eskatu du EHZ festibalak

2017ko ekainaren 30etik uztailaren 2ra Lekornen egingo den Euskal Herria Zuzenean festibalaren 22. edizioaren afixa aurkeztu dute eta, gainera, burujabetzari eutsiz ekimena bizirik irauteko laguntza ekonomikoa eskatu dute, crowdfunding kanpaina bat abian jarrita.

EHZren 22. edizioaren lehen xehetasunak emateko agerraldia, Baionan. (Bob EDME)
EHZren 22. edizioaren lehen xehetasunak emateko agerraldia, Baionan. (Bob EDME)

Baionako Mami Txula elkartean eginiko agerraldian, EHZko antolatzaileek 2017ko ekainaren 30etik uztailaren 2ra Lekornen egingo den festibalaren 22. edizioaren lehen xehetasunak azaldu dituzte.

Gogoratu dutenez, 2014ko ekaitzak diru galera handiak eragin zituen, Euskal Herria Zuzenean elkartea ekonomikoki kinka larrian utziz. Ondorioz, azken bi edizioetan formula berrasmatu bat jarri zuten martxan eta, azpimarratu dute frogatuta dagoela epe luzera «bizigarria eta iraunkorra» dela.

Hala ere, azaldu dute bizkar gainean daukaten zorra «pisu handiko traba» dela aurrera egin eta proiektu berria marrazteko. Hori dela-eta, babes ekonomikorako deia egin eta «amets honek urte luzez irain dezan» crowdfunding kanpaina bat jarri dute abian Helloasso plataforman. Elkarteak duen zor ekonomikoa 100.000 euroetara iristen dela zehaztu dute.

«Euskal Herria Zuzenean elkartearen indarra bere askatasuna izan da beti. Betidanik laguntzaileen eskutik eraiki izan da festibala», esan dute. Ipar Euskal Herrian dagoen auzolanaren indarra goraipatu eta 22. edizioak ere «mikro-jendarte ideal» hori gauzatu nahi duela adierazi dute.

EHZren esanetan, «amesten dugun gizarte eredu ideal hori hiru egunez isladatzen duen festibalak irauteko, denen laguntza beharrezkoa da».

Hain zuzen, gaur aurkeztu duten 22. edizioaren afixak ere burujabetzaren ideia hori azpimarratu nahi izan du. «Ezinbestekoa iruditu zaigu festibalaren afixa guk geuk egitea, ‘Do It Yourself’ izpiritua aitzinera eramanez».