NAIZ
BILBO

Areatzaren baiezkoarekin, bost dira azken asteotan UEMAko kide izatea erabaki duten herriak

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko eskaera egitea erabaki du Areatzako Udalak. UEMAk jakinarazi duenez, Mendaro, Ataun, Errezil eta Larrabetzuko udalek ere urrats bera egin dute azken asteotan. Urtarrilaren 14ko batzar nagusian onartu behar dira eskaerak eta, behin pauso eginda, 81 herrik osatuko dute UEMA.

Areatzako Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoarekin eta EAJko lau ordezkarien abstentzioarekin hartu zuten UEMArekin bat egiteko erabakia abenduaren 1ean egin zuten osoko bilkuran, mankomunitateak berak ohar bidez jakinarazi duenez.

Arratiako udal honen erabakia azken asteotan heldu diren beste lau udalenen ondotik dator. Zehazki, Mendaro, Ataun, Errezil eta Larrabetzuk ere azken udal osoko bilkuretan erabaki dute UEMAko kide izateko eskaera egitea.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urtarrilaren 14an Larrabetzun egingo duen batzar nagusian onartu beharko ditu herri berrien eskaerak, eta behin hauek onartuta, 81 herri izango lirateke UEMAko kide.

Guztien artean, 240.000 biztanleko lurgunea osatuko lukete.