NAIZ
BILBO

«Proiektu handi inposatu eta inutilen» aurkako elkarretaratzea egin dute Bilbon

Nazioarteko beste zenbait hitzordurekin bat eginik, Bilbon ere «proiektu handi inposatu eta inutilen» aurkako elkarretaratzea egin dute. Abiadura Handiko Trena edo Zubietako errauskailua bezalako proiektuen aurka agertu dira, eragiten duten «hondamendi ekologiko, sozioekonomiko eta pertsonala» salatuz eta egitasmo hauen inguruan herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz.

Bilbo erdialdean «proiektu handi inposatu eta inutilen» aurkako elkarretaratzea egin dute. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Bilbo erdialdean «proiektu handi inposatu eta inutilen» aurkako elkarretaratzea egin dute. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Abenduaren 8. hau «Proiektu Handi Inposatu eta Inutilen» aurkako eguna izaki, Italia, Alemania edo Estatu frantseseko zenbait puntutan deitutako protestek ere Bilbon izan dute isla, Plaza Biribilean elkarretaratzea egin baitute hainbat kolektibok deituta.

Besteak beste, AHTren lanak eta Coke planta gelditzea, Garoña ixtea, fracking-a baztertzea eta Zubietako errauskailua ez egitea exijitu dute.

Europa mailako irakurketarekin bat eginik, azpimarratu dute halako proiektu handiek «hodamendi ekologiko, sozioekonomiko eta pertsonala» eragiten dutela.

Ildo horretan, proiektuok erabakitzeko prozesua herritarren parte hartzerik gabe egiten dela salatu dute. «Herritarrok etengabe ditugun argudio eta proposamenen aurrean gobernuen etengabeko mespretxu jarrera» ere salatu dute.