NAIZ

EH Bildu: «Gizarte aurreratua eraikitzeko eskubide guztiak dira beharrezkoak»

Giza Eskubideen Nazioarteko egunaren harira, Nazio Batuen Giza Eskubideen Adierazpena berretsi eta demokrazia eta duintasunaren baloreak berreskuratzearen aldeko aldarria egin du EH Bilduk, «oraina eta etorkizuna eraiki ahal izateko».

Bat egin du EH Bilduk, ohar bidez, Nazio Batuen Giza Eskubideen Adierazpenarekin, munduan zein Euskal Herrian urratzen diren giza eskubideak «asko» direla onartuagatik. Hori hala, justiziaren eta ekitatearen, demokraziaren eta duintasunaren baloreak «berreskuratzea» aldarrikatu du, «oraina eta etorkizuna eraiki ahal izateko».

Helburu horiek lortzeko eskura dituen «tresna guztiak» erabiliko dituela gaineratu du koalizio independentistak. Adibidez, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizarte «aurreratu» bat lortzeko lan egingo duela adierazi du, baita pertsona orok beren eskubideak bermatuak izateko eta askatasun eta duintasun baldintzak eduki ahal izateko ere.

Herri ikuspegi batetik, nazio burujabeen elkarbizitza «libre eta demokratikoa» izateko lan egingo duela azpimarratu du, iritzi eta pentsamendu askatasuna errespetatuz.

«Lehen mailako gizarte aurreratua eraiki nahi dugu, herri gisa munduko mapan kokatuko gaituena, beren herritarrak zaindu eta errespetatzen dituena», adierazi du koalizioak oharrean. «Guztiok gara beharrezkoak herri bat eraikitzeko eta, horretarako, eskubide guztiak dira beharrezkoak».