Jon Ormazabal

Ezustearentzat zirrikiturik ez dute utzi Artola eta Albisuk (22-11)

Euren mailan, Mendizabal-Tolosa ordezkoek partida ona jokatu dute, baina kolpez askoz gutxiago izanda ez dute ezer egiterik izan

Aurreikuspenak zeharo betez, Artola-Albisu bikote gipuzkoarrak txapelketako bigarren puntua eskuratu dute Altuna III.a-Barriolaren ordez jokatu duten Mendizabal III.a-Tolosari 22-11 irabazita. Ezin esan Aspeko bikotea gaizki egon denik, euren mailan aritu dira, Antzuolakoa erasoan arriskuak hartuz eta asmatuz eta Anoetakoa defentsako lanean sendo –tanto bikain bat ere lortu du bi paretakoa jota–, baina kolpean Asegarcekoak horren nagusi izanda, ezer gutxi egin ahal izan dute partida borobila egin duen bikotearen aurka.

Berdinketa bakarra izan da partidan, binakoa, Albisuk huts egindako pilota baten ostean, baina hortik aurrera bikote urdina nagusi izan da. Behartu dituzte Aspekoek, baina Artola eta Albisu, biak, oso maila onean aritu dira. Hiru hilabete jokatu gabe egon ostean, fresko itzuli da Artola kantxetara eta, gainera, errematean ere ondo moldatu da. Atzean, lehen jardunaldian bezala, Jon Ander Albisuk partida bikaina jokatu du, uneoro Tolosa dominatuz eta bi eskuekin pilota astinduz eta bi bakarrik galduz.

Lana ondo eginez, gerturatu dira dira gorriak 5-7, baina horrekin konformatu behar izan dute, arerioei tarteka gauzak zail jartzearekin, Asegarcekoak oso nagusi izan baitira partida osoan zehar.

 

Pilotakadak: 542.

Iraupena: 64,57 minutu.

Markagailua: 0-2, 2-2, 2-6, 3-6, 3-7, 5-7, 5-13, 6-13, 6-16, 7-16, 7-18, 8-18, 8-19, 10-19, 10-21, 11-21, 11-22.

Sakeak: 3 Artolak.

Tantoak: 6 Mendizabalek, 1 Tolosak eta 10 Artolak.

Hutsak: 4 Mendizabalek, 4 Tolosak, 2 Artolak eta 2 Albisuk.