NAIZ
IRUÑEA

Zapi kateak Iruñea, Gasteiz eta Baionan, dispertsioaren aurka

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean eta dispertsioaren aurka, hala egin dituzte zapi kateak Iruñea, Gasteiz eta Baionan, Etxerat elkarteak deituta. Euskal presoen senide izatearen ondorioen berri eman dute Nafarroako hiriburuan.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, zapi kateak osatu dituzte Iruñea, Gasteiz eta Baionan, Etxerat elkarteak deituta.

Iruñean, adibidez, Sarasate pasealekuko bi muturrak lotu dituzte, bi ilara osatuz. Parte hartzaileen artean ziren, besteak beste, Bakartxo Ruiz eta Miren Aranoa EH Bilduko legebiltzarkideak.

Iñigo Elizegik hartu du hitza Etxeraten izenean, eta azaldu du zapi kateak dispertsioak presoen eta euren senideen egunerokoan duen eragina azaleratu nahi zuela: «Preso politikoen senideok pairatzen dugun giza eskubide urraketa salatu nahi dugu. Asteburuero milaka kilometro egitera behartuak gara. Eta kontuan hartu behar da senideak baino ez garela, tokatu egin zaigun zerbait dela, ez dugula presoen senide izatea hautatu».

Orrialde informatibo bat banatu dute elkarretaratzean zirela (espainolez, ingelesez, frantsesez, katalanez eta euskaraz). Bertan, dispertsio politikak indarrean dirauen 27 urtetako errepasoa egiten da, 16 lagunek errepidean bizia galdu dutela azpimarratuz. «Oraindik orain halabeharrez bidaiatzera kondenatuta jarraitzen dugu, horrek eragiten dituen gastu guztiak gure gain hartuz».