NAIZ
BAIONA

Atxilotuek abiatu prozesuarekin jarraituko dutela adierazi dute hainbat eragiletako ordezkariek

Luhusoko atxiloketen ostean egoera «absurdo eta lotsagarri» baten aurrean aurkitzen garela garbi utzi ustean, atxilotuen ekimena babestu eta euren filosofiarekin bat egiten dutela adierazi dute prentsaurrean 40ren bat eragile sozial, sindikal eta politikok.

Eragileen agerraldia eguerdian. (Bob EDME)
Eragileen agerraldia eguerdian. (Bob EDME)

«Mundu osoan, gatazkak konpondu direnean, eragileak, protagonistak mahai baten inguruan biltzen direlako izan da, baina hori ez da posible izan oraino Euskal Herrian». Hala hasi dute 40 eragile inguruk Luhusoko atxiloketen biharamunean eman duten prentsaurrekoa. Xabier Anza ELAko kidea eta Anaiz Funosas Bake Bideako ordezkariek jarri diote ahotsa agerraldiari.

Protagonisten inplikazioaren faltan, baina, gizarte zibilaren papera aldarrikatu dute bakean oinarritutako elkarbizitza erdieste bidean: «Elkarrizketa nahi dugu. Nazioartea inplikatu egin da eta beharrezkoa da ere estatuen inplikazioa bake prozesu bat aurrera eramateko».

«Bake prozesuak eskatzen du armagabetzea, eskatzen du biktimen aitortza eta erreparazioa, eskatzen du muinean dagoen arazo politikoari heltzea eta eskatzen du, besteak beste, presoen hurbiltzea eta betirako askatzea», gaineratu dute.

Gauzak horrela, egoera «absurdo eta lotsagarri» baten aurrean aurkitzen garela adierazi dute, «erakunde armatu baten armak entregatu nahi eta hauek jasotzeko estaturik ez dagoen egoeran».

Atxilotuen engaiatzea, beraz, zentzu horretan etorri dela azpimarratu dute, eta gaineratu euren filosofiarekin bat egiten dutela: «Ez daukagu harremanik ETArekin, are gutxiago mendekotasunik. Ekimenarekin bat egiten dugu atxilotuen baloreekin bat egiten dugulako, uste dugulako beraiek defendatzen duten filosofiak eraman gaitzakeela benetako bake-bidea irekitzera».

Horrez gain, larunbat arratsalde honetan Baionan egingo den manifestazioak parte hartzera deitu dute eta iragarri dute astelehenean bilera berri bat egingo dutela, «eman beharreko urratsak eta bidea gogoetatu eta adosteko».