NAIZ
Durango

Bi gizon atxilotu dituzte Durangon eta Gasteizen bikotekideak jotzeagatik

29 urteko gazte bat atxilotu dute Durangon eta 38ko bat Gasteizen, bikotekideak jotzea leporatuta. Durangoko Udalak «erabateko gaitzespena eta arbuioa» azaldu ditu eta elkarretaratzea deitu du ostegunerako, 20:00etan, Andra Marin.

Gizon bat atxilotu zuten joan den larunbatean Durangon bikotekidea jotzeagatik. Osasun zerbitzuek emakumea artatu behar izan zuten. Gizonak 29 urte ditu, eta emakumeak 27, Durangoko Udalak astelehen honetan jakinarazi duenez.

Durangoko Udalak «erabateko gaitzespena eta arbuioa» azaldu ditu emakumeen kontrako indarkeria kasu honen aurrean eta beste edozein motako indarkeriaren aurrean, eta bat egiten du erasoa salatzeko egingo diren deialdi guztiekin.

Gainera, udalerriko atari guztietan bandoa jarriko du, herritarrek erasoaren berri izan dezaten eta datorren ostegunean, urtarrilaren 19an, Andra Marin elkarretaratzera deituz, arratsaldeko 20:00etan

Gasteizen, bestetik, 38 urteko gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak ostiral goizean, bere bikotekidea jo eta beste emakume bat mehatxatzeagatik.