NAIZ
DONOSTIA

Hainbat ibaik gainezka egin dute Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian

Azken orduetan izandako euriteen ondorioz, hainbait ibaik gainezka egin dute Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian. Datozen orduetan ez du euririk botako, eta honek egoerak hobera egitea ekarri beharko luke, nahiz eta hotza areagotu egingo den. [Eguraldiaren iragarpena NAIZen]

Andoainen Oria eta Leitzaran ibaiek bat egiten duten puntua. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Andoainen Oria eta Leitzaran ibaiek bat egiten duten puntua. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Azken egunotako denboraleak euriteak ekarri ditu Euskal Herrira eta, ondorioz, hainbat ibaik gainezka egin dute.

Nafarroari dagokionean, Baztan ibaiak gainezka egin du Elizondo eta Elbeten eta etxebizitza batzuetan ere sartu da ura. Arakil ibaia ere atera da bidetik eta, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, NA-2410 errepidea moztu behar izan dute, Uharte-Arakilen. Irurtzun eta Gipuzkoa batzen dituen errepidea bi zatitan moztu dute: 0 eta 4 puntu kilometrikoen artean, Larraun ibaiak gainezka egin duelako, eta 28-30 kilometroen artean, Araxes ibaia atera egin delako.

Horrez gain, Iruñea, Burlata eta Atarrabian martxan jarri dute uholdeei aurre egiteko plana, Arga ibaiaren goraldiagatik. Goizeko 8.40an, Etxauriko estazioan, 4,76 metro zituen ibaiak. Arratsaldek olehen orduan, Iruñeko Udalak lehen mailako arrisku maila ezarri du, Arga ibaiak segunduko 350 metro kubikoak gailendu eta gero. Joseba Asiron alkateak uholdeak «aurreikusitako lekuetan» izan direla azpimarratu du.

Gipuzkoan, Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, euriteen ondorioz Oria ibaiak gainezka egin du Andoainen eta, Hernanin, aldiz, Urumea ibaia atera da. Luizi baten ondorioz, goizaldean N-634 errepidea moztu behar izan dute Getarian, baina ordu batzuren buruan ireki egin dute.

Ipar Euskal Herrian ere hainbat ibaik egin dute gainezka, esate baterako, Bidarrain. Errobi ibaian alerta laranja ezarri du prefekturak. Hala, Donibane Garazi, Bidarrai eta Ortzaizen. Baionan ere Errobi ibaiak astelehen honetan gainezka eginen duela iragarri dute.

Iragarpenak dioenez, datozen orduotan atertzera egingo du eguraldiak, eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira. Iragarpen zehatza kontsultatzeko aukera ematen du eguraldiaren NAIZen webgune bereziak.

Datozen orduetan haize masa kontinental hotz batek euriteak etengo ditu, baina hotza areagotu eta 0 azpiko tenperaturak kostalderaino iritsiko dira. Fronte honek ostiraleraino eragingo dio Euskal Herriari.