Jon Ormazabal

Urrutikoetxea-Imaz txapelketara lotu dira (22-18)

Txapelketan bizirik jarraitzeko berhar-beharrezkoa zuten garaipena lortu dute Urrutikoetxea-Imazek, Victor-Albisuri Tolosan 22-18 irabazi ostean.

Beotibar pilotalekuko giroa bezala, partida hotz xamarra izan da eta beste behin, urdinek behar baino huts gehiago egin izana garesti ordaindu dute. Orotara, 12 huts egin dituzte, 8 Victorrek eta 4 Albisuk eta horrela oso zaila da partidak irabaztea.

Lehia hotz hasi da, bi bikoteek huts gehitxo batu dituzte eta markagailuan oreka dezente egon da hamarnako berdinketara arte. Urdinek garbi zuten euren taktika Imaz zigortzea zela, baina oiartzuarra bikain defendatu da, Albisuk ez dio bizkarra horren garbi erakutsi eta aurrean Victorrek tanto bikainak eta huts handiak pilatu ditu.

Partida erditik aurrera, Urrutikoetxeak ere gora egin du, sotamanoz eta gantxoz gehiago sartzen hasi da eta gorriek partida apurtu dute 21-13 aurreratzeraino. Orduan bakarrik, partida galdua zutenean eman dute eurena Victor-Albisuk, baina ordurako beranduegi zen eta markagailua txukundu baino ez dute egin.