NAIZ
DONOSTIA

Hilaren 26an epaituko dituzte Loiolako herri harresian atxilotutako bi lagunak

2014ko irailean Loiolan egin zen herri harresian parte hartzen ari zirela atxilotu zituzten Esteban Orbegozo eta Beñat Hach Embarek hilaren 26an epaituko dituzte Donostiako epaitegian. Akusazioak hiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du guztira 21.300 euroko fidantza ordaindu behar izan zuten bi auzipetuentzat eta Fiskaltzak, aldiz, zortzina hilabetekoa.

Loiolako Basilikaren eskaileretan egin dute agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Loiolako Basilikaren eskaileretan egin dute agerraldia. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Eleak-Libre dinamikak Basilikaren eskaileretan egin du agerraldia, 2014ko irailean Loiolan egin zen herri harresiaren harira atxilotu zituzten bi lagunak, Esteban Orbegozo eta Beñat Hach Embarek, hilaren 26an epaituko dituztela jakinarazteko. Bi auzipetuak ere bertan izan dira, egun hartan eta prozeduran zehar bizi izan dutena azaltzen.

Joseba Alvarezek hartu du hitza Eleak-Libre dinamikaren izenean eta han izan dira, besteak beste, Eneko Etxeberria, Azpeitiako alkatea, Loiolako herri harresian parte hartu zuen Irati Tobar gaztea.

Gogoratu dutenez, 2014ko irailaren 22an 28 gazte independentistaren aurkako epaiketa hasi zen Auzitegi Nazional espainolean beraien militantzia politikoa zela-eta. Auziepetuetako bostek desobedientzia ariketa bat egitea erabaki zuten eta ez ziren epaitegira joan, eta epaileak haiek atxilotzeko agindua eman zuen. 

Atxiloketak ekidin eta gazteei babesa adierazi asmoz, ehunka lagunek herri harresia osatu zuten Loiolan, Ertzaintzak bortizki desegin zuena. Auziperatutako bost gazteak atxilotu eta espetxeratzeaz gain –epaiketaren ondoren aske gelditu ziren–, harresian parte hartzen ari ziren Esteban Orbegozo azpeitiarra eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra ere atxilotu zituzten.

Hilaren 26an, goizeko 11.30ean, biak epaituko dituzte Donostiako Lurralde Auzitegian. Azaldu dutenez, akusazio partikularrak, Ertzaintzak, hiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du «desobedientzia eta agintearen aurkako atentatua» egotzita. Gainera, bien artean 21.300 euroko fidantza ordaindu behar izan zuten 24 orduko epean.

Fiskaltzak, aldiz, zortzina hilabeteko espetxealdia eskatzen du, «desobedientzia eta erresistentzia» delituak leporatuta.

Mobilizazioak

Eleak-Libre Mugimenduak «eskubide zibil eta politikoen aurkako epaiketa hau» salatzeaz gain, herritarrei eskubide horien defentsarako antola daitezen dei egin die eta antolatu dituen bi mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin du: lehena, urtarrilaren 24an Ormaiztegin, arratsaldeko 19.00etan, Herriko Plazan eta, bigarrena, epaiketaren hasieran, Donostian, hilaren 26an, goizeko 11.00etan, epaitegi aurrean.