NAIZ

Hotzak hartuko du euriteen lekukoa gaurtik aurrera

Azken egunetako euriteen ostean, gaurtik aurrera hotza izango da protagonista Euskal Herrian, eta atzo ibaiek gainezka egin bazuten, gaur leku askotan pilatuko den izotza izan daiteke arrisku nagusiena. (Eguraldiaren inguruko informazio guztia NAIZen webgune berezian).

Hotza gailenduko da Euskal Herrian aste guztian zehar. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Hotza gailenduko da Euskal Herrian aste guztian zehar. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Tenperatura oso baxuek hartu dute dagoeneko euriteen lekukoa. Utzi dio euria botatzeari Euskal Herrian, eta honek ibaiek gainezka egiteko ekartzen zuten arriskua gutxitu egin du.Hala ere, oraindik alerta gorrian jarraitzen du Arga ibaiak Etxauri, Funes edo Eugin, baita Ega ibaiak Lizarran. Orduak aurrera joan ahala egoerak hobera egitea espero da.

Datozen egunetan zero azpiko tenperaturak izango dira protagonista. Nafarroan alerta laranja ezarri dute Piriniotan, termometroek zero azpitik hamar gradu markatzera iritsiko dira eta. Erdialdena, aldiz, alerta horia izango da, zero azpiko sei graduko tenperaturarekin. Haizea dela-eta ere abisu horia ezarri dute 70 eta 90 kilometro orduko haize boladen ondorioz.

Gipuzkoan ere espero dira tenperatura oso baxuak eta alerta horian aurkitzen dira. Donostian, Martutenen, luizi baten ondorioz zazpi pertsonek euren etxebizitza utzi behar izan dute. 03:00ak aldera harri handi bat erori da etxearen atarian. Araban, bestetik, hainbat errepide daude itxita, luizi eta ur putzuen ondorioz.

Bi-735 errepidea itxi dute Erandion

Uholdeak direla-eta Bi-735 errepidea itxi dute Erandion. Azken egunetako euriteek sortu dituzten ur putzuen ondorioz, atzo gauetik itxi behar izan dute errepidea, Makroaren parean. Araban, Erriberagoitian, Erriberabeitian eta Zanbranan ere errepideak itxi egin behar izan dituzte.