NAIZ

Ama biologikoak eramandako haur tutelatua onik aurkitu dute Errumanian

Errumanian eta onik aurkitu dute ama biologikoak bisita programatu batean eraman zuen haurra. Hemendik aurrera eman beharreko urratsak Errumaniako agintariekin adostu beharko dira, baina gipuzkoar Aldundiak eginbide judizialak «irekita jarraitzen duela» jakinarazi du.

Aldundiaren tutoretzapean zegoen eta bere ama biologikoak bisita programatu bat baliatuz eraman zuen haur tutelatua onik aurkitu dute Errumanian. Aldundia harremanetan jarri da Errumaniako gizarte zerbitzuekin hurrengo urratsak adosteko, ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Joan den urtarrilaren 5ean, harrera familia batean bizi zen adingabeko baten ama biologikoak kale erdian eraman zuen haurra, bisita programatu bat egitera zihoazela. Gizon bat zuen auto batean zain, eta muga aldera ihesi joan ziren. Gipuzkoako ALdundiak adierazi duenez, behin frantziar Estatuan, Dax parean, Polizia frantsesak ezaugarri horiek zituen autoa ikuskatu zuen, baina arrastoa galdu zuen.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatua «pozik» agertu da haurra «egoera onean» agertu delako, baina ohartarazi du nahiz eta uneotan eman beharreko urratsak adostu behar izan Errumaniako agintariekin lankidetzan, eginbide judizialak «irekita jarraitzen duela», haurraren amari dagokionez.