NAIZ
Baiona

Maiatzaren 14ean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats, Bernat Etxepare lizeoaren alde

Aurten ere Bernat Etxepare lizeo berriaren alde antolatuko da Herri Urrats jaia. Gaur jakinarazi dutenez, maiatzaren 14ean ospatuko da ‘(h)aizu’ lelopean eta, ohi bezala, Senpereko lakuaren inguruan. Urtarrilaren 28an bertso saio bat egingo dute Baionan, Euskal Herriko bertso txapelketako zortzi finalistekin.

Herri Urrats gaur aurkeztu dute Baionan. (Bob EDME)
Herri Urrats gaur aurkeztu dute Baionan. (Bob EDME)

‘(h)aizu’ lelopean ospatuko da aurtengo Herri Urratsa jaia maiatzaren 14ean. Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia beste urte batez itzuliko da Senpereko lakuaren inguruetara. Seaska eta Herri Urratseko ordezkariek aurkeztu dute jaia.

Iaz bezala, hurrengo ikasturtean ateak irekiko dituen Bernat Etxepare lizeoaren alde egingo da. «Herri Urrats, bere hizkuntzari, herri baten amodiozko deklarazioa da», nabarmendu dute agerraldian Kazetak jaso duenez. Ikastola hauek Ipar Euskal Herrian duten garrantzia nabarmendu dute. «Euskara ikasteaz gain, euskaraz bizitzea eta euskal herritar izatea ikasten da ere».

‘(h)aizu’ leloaren esanahi desberdinak ere aipatu dituzte. Alde batetik, «Baxoa euskaraz pasatzea haizu izan dadin, eta euskararen ofizialtasuna behingoz izan dadin HAIZU!», gehitu dute. Ildo horretatik, ofizialtasuna lortzeko helburuz, hautetsiei deia egin nahi izan diete «Parisen zain egon ez daitezen».

Bestalde, Herri Urratseko elkarteak uste du Euskal Elkargoak euskararen aldeko eskumenak izan beharko lituzkeela. Honela Euskal Elkargoari dei egin diote, ikastolen eraikuntza bere gain har dezan. "«Era berean, lelo honen bidez dei egin nahi dugu, Euskal Herriko hiritar guztiei, euskararen aldeko Seaskaren aldarrikapen hau bultza dezaten», erantsi dute.

Logoan kolore anitzetako esku bat ikus daiteke. «Haizu ez denaren sinbolo eta era berean, aniztasunaren eta elkartasunaren ikonoa» dena.

Gaurtik hasita eta maiatzaren 14era arte hainbat ekimen egingo dituzte, eta tartean Herri Urratsen aldeko bertso saio bat hilaren 28an, non Euskal Herriko bertso txapelketako zortzi finalistak berriz ere taula gainera igoko diren. Hain zuzen, Sustrai Colina, Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Igor Elortza Baionan elkartuko dira.