NAIZ

Valladolideko espetxera martxa feminista egingo du Bilgunek otsailaren 11n

Euskal Herriko Bilgune Feministak 15 urte betetzen ditu 2017an eta espetxe martxa feminista bat antolatu du otsailaren 11rako. Valladolideko espetxera abiatuko dira ‘Libre ezin aske gara. Indar bat dabil hor’ lemapean.

Bilgune Feministak espetxe martxa feminista bat egingo du otsailaren 11n. Valladolideko espetxera abiatuko dira ‘Libre ezin aske gara. Indar bat dabil hor’ lemapean. 15 urte betetzen ditu aurten kolektiboak eta, ohar baten bidez azaldu dutenez, «urteurrena ospatzearekin batera, Euskal Herriaren burujabetza feministarantz eramango gaituen bidean sakontzeko eta aurrerapausoak emateko» aprobetxatuko dute urtea.

Ildo horretan «erronka ezberdinak» dituzte markatuta, eta haietako bat da gatazka politiko armatuaren konponbidean «feminismotik eragitea». Horregatik antolatu dute espetxe martxa feminista hau. «Bereziki emakumeak eta kartzelaren gaian sakondu nahi dugu», azaldu dute.

Valladoliden, emakume preso politiko bakarra egon arren, «emakume preso politiko guztiak barnebiltzen dituen dinamika bat» jarri dute martxan. Dinamika honekin hainbat helburu markatu dituze. Alde batetik, «emakume presoek bizi dituzten zapalkuntza anitzak» salatzea eta «espetxeen izaera patriarkala» jopuntuan jartzea. Zentzu honetan, gogora ekarri dute Sara Majarenasen alabak asteburu honetan bere aitarengandik jasotako erasoa.

Era berean, «espetxeratzeak suposatzen dituen zaintza lanak, nagusiki emakumeon bizkar gainean egon direnak eta daudenak aitortzea» ere ezarri dute jomuga moduan. Hala, zigor-sistemaren inguruko «gogoeta feminista bat» bultzatu nahi dute eta oro har, «dispertsio politika salatzea eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea exijitzea». Emakume preso politiko guztiei gure elkartasuna eta babes osoa helarazi nahi diete, eta, bide batez, sortu duten sarea indartzea.

Abenduan Altsasun egin zuten asanblea nazionala, eta bertan urteurrenaren harira antolatutako ekimenen berri eman zuten. Nagusia maiatzaren 6rako antolatu duten VII. Topaketa Feminista, boteretze feminista ardatz izango duena.