NAIZ

Zero azpiko tenperaturak nagusi Euskal Herri osoan

Hotzik gordinena gaur iritsiko zela aurreikusten zen eta, momentuz, arazo larririk sortu ez badu ere, egun oso hotza izaten ari da Euskal Herriko txoko orotan. Bederatzi eta hamar gradu zero azpitik markatu ditu termometroak Araba eta Nafarroako zenbait puntutan. (Eguraldiaren inguruko informazio guztia NAIZen webgune berezian).

Irudi ederrak utzi ditu hotzak Iruñean. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Irudi ederrak utzi ditu hotzak Iruñean. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Nafar Pirinioetan markatu ditu termometroak tenperaturarik baxuenak. Hala, Erronkarin 10 zero azpitik markatzera ere iritsi da. Iruñean zazpi eta Lizarran sei, beti ere zero azpitik. Eguerdian oraindik tenperatura ez da balore positiboetan kokatu. Haizeak, dena den, sentsazio askoz okerragoa sortu du, eta Aralarren -19koa izatera iritsi da.

Honen ondorioz, nafar Gobernuak alerta laranja ezarri du Pirinioetan, eta horia gainontzekoan. Izotzak sortuko du arrisku gehien herrialde osoan, errepideetan hainbat gune izoztuta agertu dira-eta. Honen ondorioz hainbat errepide itxi behar izan dira Pirinio inguruan eta baita San Migel de Aralarrerako igoeran, 13. kilometrotik aurrera.

Araban, bestetik, Euskalmetek zero azpiko bederatzi graduko tenperatura hartu du Kapilduin. Lakuak hotza dela-eta alerta horia ezarri du, zein ostiral goizera arte luzatu den. Arabar lautadan ere ia bost gradu zero azpitik izan dituzte. Gipuzkoan balore negatiboak kostalderaino iritsi dira, eta Zarautz zero azpiko bi gradurekin esnatu da. Bizkaian suabeago jo du hotzak, baina zero azpiko tenperaturak ere ikusi dira, Derion adibidez.

Ipar Euskal Herrian ere gogor jo du fronte hotzak eta Maulek, adibidez, zero azpiko bost gradu zituen 09:00etan eta Donibane Garazik eta Baionak hiru zero azpitik.