NAIZ
GASTEIZ

2017. urterako Aurrekontuetan hazkunderako «marjina handirik ez» dagoela dio Azpiazuk

Pedro Azpiazu Lakuako Ogasun eta Ekonomia sailburuak jakinarazi du Lakuak eta espainiar Gobernuak Kupoaren inguruan dituzten «desadostasunak» konpontzen saiatuko diren negoziazio taldeak aukeratu dituztela. Era berean, 2017. urterako Aurekontuetan hazkunderako «marjina handirik ez» dela izango iragarri du

Pedro Azpiazu Lakuako Ogasun eta Ekonomia sailburua. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Pedro Azpiazu Lakuako Ogasun eta Ekonomia sailburua. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Lakuak eta espainiar Gobernuak Kupoaren inguruan dituzten «desadostasunak» konpontzen saiatuko diren negoziazio taldeak aukeratu dituzte. «Desadostasun» horiek 1.600 milioi euro ingurukoak dira. Pedro Azpiazu Lakuako Ogasun eta Ekonomia sailburuak jakinarazi du negoziazio taldeen lan egutegia eta metodoa «ahalik eta lasterren» ezarriko direla, akordioa lortzen saiatzeko asmoz.

Azpiazuk agerraldia egin du ostiral honetan Gasteizko Legebiltzarreko Ogasun eta Ekonomia Batzordean, eta Lakuaren Ogasun eta Ekonomia Sailaren datozen lau urteetarako jarduketa ildo nagusiak aurkeztu ditu bertan.

Agerraldian, nazioarteko egoera ekonomia aztertu du, eta ekonomiaren bilakaeran eragina izan dezaketen «arrisku eta ziurgabetasun» batzuk aipatu ditu, besteak beste, Britainia Handia Europako Batasunetik irtetea eta Donald Trump buru izango duen AEBetako Gobernu berriaren «mehatxu protekzionista».

Bestalde, 2017. urterako Autrekontuetan hazkunderako «marjina handirik ez» dela izango iragarri du, joan den urteko diru bilketan izandako «ezbeharraren» eta defizita murrizteko arloan dauden betebeharren ondorioz.

Halaber, Kupoaren kitapenaren inguruan dauden desadostasunak konpontzen saiatuko diren espainiar Gobernuaren eta Lakuaren negoziazio taldeetako kideak aste honetan aukeratu direla jakinarazi du. Aldea 1.600 milioi euro ingurukoa da.

Ogasun eta Ekonomia sailburuak azaldu du bi administrazioen artean «ulermen eta harreman egonkorrerako bide bat irekitzea» dela helburua, bi gobernuen «ekonomia, finantza eta zerga arloetako gaien konponketa normalizatzeko» asmoz.