Ramon Sola
DONOSTIA

Abian eta Sorturen birfundazioaren bidetik dator Ernairen ‘Zirtaka’ ponentzia

Abian eztabaida estrategikoaren ondorioen ostean eta Sorturen birfundazio Kongresua amaitu berria delarik, gaur aurkeztu du Ernaik ‘Zirtaka’ izena daraman ponentzia, ‘Inurritegia’ kongresu prozesuaren barruan. Gazteak «garaipenaren erregai eta motorra» bilakatu nahi ditu, bere kezka nagusiei lehentasuna emanez (etxebizitza, lana, hezkuntza...).

EHUren Ibaetako campusean aurkeztu du Ernaik ‘Zirtaka’ ponentzia. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
EHUren Ibaetako campusean aurkeztu du Ernaik ‘Zirtaka’ ponentzia. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

EHUko Ibaetako campusean eginiko agerraldian aurkeztu du Ernaik ‘Zirtaka’ ponentzia, apirilera arte luzatuko den ‘Inurritegia’ kongresu prozesuaren ardatz izango dena. Mikel Urdangarinek eta Lur Albizuk azaldu dutenez, izenarekin hauxe irudikatu nahi da: «Zirta bakoitzak erreko du errealitatearen belaze lehorra. Eta guri dagokigu piztea. Han hemenka, isilpean, egunez egun, txinaurri lan anonimoaren bitartez, konspirazioz, kolektiboki, ausardiaz, zirtaka. Gazteok baikara martxan jartzera goazen bidearen erregaia. Garaipenaren belaunaldia eta motorra. Txinparta ezberdinak piztu, herri hau martxan jartzeko ekarpena izan nahi du honako ponentziak».

Burujabetzan sakontzeko apustuan, gazteon arazo eta kezka nagusi diren eremuei lehentasuna ematen zaie: «Etxebizitza, lana eta hezkuntza». Horrekin batera, «independentziaren beharraz konbentzitzea» ezinbestekoa dela diote, eta zentzu horretan «Estatu propioaren alde egotetik egitera pasatzeko borroka dinamika zehatzak jarri beharko dira martxan».

Honetarako gazte antolakundea bera berregituratu eta indartzeko beharra nabarmentzen da: «Enpatia, horizontaltasuna, elkarlana, entzuteko gaitasuna, umiltasuna, konpromisoa... horiek dira balioak. Gazteak non, Ernaiko militanteok han egon behar dugu». Feminismoa eta nazio ikuspegi integrala zeharlerroak izango dira.

Datozen asteetan hamaika herri eta auzotan eztabaidatu eta bozkatuko da ponentzia hau, pertsona bat boz bat irizpidea erabiliz. Apirilean borobilduko da prozesua.