NAIZ
DONOSTIA

Udalbiltzak gogoeta prozesua abiatu du, garai berrietara egokitzeko

Udalbiltzak gogoeta prozesua abiatuko du uda bitartean, egoera politiko berrira egokitzeko eta zein lan ildo eta lan molde jorratu behar dituen zehazteko. Udazkenean ondorioak aurkeztuko ditu.

Loren Arkotxa, Luis Intxauspe eta Mertxe Aizpurua, Udalbiltzak izan dituen hiru lehendakariak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Loren Arkotxa, Luis Intxauspe eta Mertxe Aizpurua, Udalbiltzak izan dituen hiru lehendakariak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Udalbiltzak izan dituen hiru lehendakariek –Luis Intxauspe, Mertxe Aizpurua eta Loren Arkotxa– agerraldia egin dute Donostian, nazio erakundeak abiatu duen ‘Udalbiltzan Bagabiltza’ hausnarketa prozesuaren berri emateko.

Azaldu dutenez, 1999an erakundea sortu zenez geroztik gertakari politiko garrantzitsuak izan dira eta egungo egoerak garai berrietara egokitzea eskatzen du, «bai antolamendu aldetik baita lan ildoak zehazteko orduan».

Gaur egun ere Udalbiltzaren beharra «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute, «erakunde publiko eta nazionala behar delako Euskal Herria ia arlo guztietan kohesioan sakontzeko», eta «garbi dagoelako Udalbiltzak egiten ez duena ez duela beste inork beteko».

Horregatik, egoera politiko berrira egokitzeko gogoeta fasea abiatuko du uda bitartean, Udalbiltzak zein lan ildo jorratu behar dituen eta zein lan molde izango duen zehazteko.

«Ariketa praktkoa egingo dugu eta Euskal Herriko hautetsiei, oraingoei eta aurrekoei, eta herritarrei dei egingo diegu gurekin batera zeregin honetan murgil daitezen» adierazi du Intxauspek.

Hausnarketa fasean bilerak egingo dituzte herrialdez herrialde eta eskualdez eskualde, ekarpenak jasotzeko, eta nahi duen orok parte hartu ahal izango du. Uztailean ondorioen txostena osatuko dute eta udazkenean aurkeztuko dute.