NAIZ
DONOSTIA

Erraustegiaren adjudikazioa sinatu izana «botere erakustaldia» izan zela salatu du GuraSOSek

Zubietako erraustegiaren inguruan izan diren erabakiak direla medio aste zaila izan dela onartzen duten arren, GuraSOS plataformako kideek etsipenean ez erortzeko eskatu diete herritarrei eta otsailaren 19ko manifestazioan parte hartzeko deia berretsi dute.

GuraSOS plataformak irailean Donostian egin zuen agerraldia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
GuraSOS plataformak irailean Donostian egin zuen agerraldia. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Aste hau «amesgaizto» bat dirudiela adierazi du GuraSOS plataformak, asteartean Zubietako erraustegia eraikitzeko lanen adjudikazioa sinatu baitzuen Jose Ignacio Asensio foru diputatuak eta atzo plantaren proiektua geldiarazteko GuraSOSek aurkeztutako urgentziazko eskaera bati ezezkoa eman baitzion EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak.

Errauste plantaren adjudikazioa sinatu izana «herritarrenganako mespretxua eta botere erakustaldia» izan zela gaitzetsi du plataformak, «erakundeak gotorleku eta herritarrengandik urrun bezala ulertutako pentsamendutik» egin zela argudiatuta. 

Epaiak zeintzuk izango diren aurreratuta, foru erakundeko agintariek botere judizialarekiko «errespetu falta» agerian utzi dutela gaineratu dute.

Nolanahi ere, plataformak nabarmendu du «ezer ez dela bukatu» eta herritarrei dei egin diete, «frustrazioan» erori ez daitezen.

Zentzu horretan, hilaren 19an egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia berretsi du GuraSOSek. ‘Elkarrekin gehiago gara. Adostasuna besterik ez!’ lelopean egingo duten manifestazioa Donostiako Artzain Onaren katedraletik abiatuko da eta Bulebarrera arteko bidea egingo du.

Mobilizazioa isila izango da eta argi utzi nahi izan dute «ez dela erraustegiaren aurkako edota Foru Aldundiaren kontrako manifestazioa» izango, GuraSOSek planteatzen duen bide-orriaren aldekoa baizik, «gure eskubidea delako eta Gipuzkoak akordioa behar duelako liskarra gainditzeko».