Gogotik lan egin du Baskoniak eta Real Madrili arazoak sortu dizkio, baina azkenean ez du lortu Kopako finalerako sailkatzea. Pablo Lasorenek titulua laugarren aldiz segidan irabazten saiatuko dira bihar.
Talde gasteiztarrak kementsu ekin dio partidari eta lehen minutuetatik oso berdindua egon da neurketa. Lehen laurdena Baskoniarentzako abantailarekin bukatu da (20-15).
Bigarrenaren hasieran, Real Madrilek azeleragailua zapaldu du eta 9ko aldearekin joan da atsedenaldira (35-44).
Bereziki zirraragarria izan da azken laurdena, batez ere Baskoniako zaletuek eginiko indarragatik. Llullek zazpi puntu egin ditu jarraian eta 89-89 jarri da partida bukaerarako 30 segundu falta zirenean. Garaipena emango liekeen hirukoan kale egin du Larkinek, eta luzapenera joan da finalaurrekoa.
Hustu egin da Baskonia, ahal zituenak eta bi eginda, baina ezin izan dio Real Madrilen bultzadari eutsi. 99-103 bukatu da partida.