NAIZ

Sexu eraso saiakera salatu du emakume batek Durangon

Emakume batek atzo goizean salaketa jarri zuen Durangon, sexu eraso saiakera jasan zuela-eta. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta baztertu egin du hipotesi hori, lapurreta saioa izan zela uste du. 40 Minutu Rock elkartasun jaialdiko antolakuntzak beste eraso matxista bat salatu du.

Lakuako Segurtasun Saila iturri aipatuta Europa Pressek zabaldu duenez, atzo goizean emakume batek salaketa jarri zuen Durangon, sexu eraso saiakera jasan zuela-eta.

Salaketan jasotzen denez, goizeko 7.30ak aldera bi gizon hurbildu zitzaizkion baina emakumea oihuka hasi zen eta ihes egin zuen. Bi gizonek ere alde egin zuten. Ondoren, emakumeak salaketa aurkeztu zuen.

Ertzaintzak ikerketa hasi du eta sexu erasoaren hipotesia baieztatzeko zantzurik ez dagoela uste du, Efe eta Europa Pressek zabaldu dutenez. Lapurreta saiakera izan zela uste du. Durangoko Udalak elkarretaratzea deitu du bihar 20.00etan Andra Mari elizaren ondoan, erasoa salatzeko.

Bigarren eraso matxista bat

Larunbatean Landako gunean egin zen 40 Minutu Rock elkartasun jaialdiko antolakuntzak beste eraso matxista bat salatu du. «Hedabideetan agertu den sexu erasoaz gainera, beste eraso baten berri ere izan dugu, hau ere Landako inguruetan gertatua», adierazi dute sare sozialetan zabaldu duten ohar baten bitartez.

«Milaka pertsona jai giroan elkartzen diren espazio hauetan eraso sexistak aurreikustearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Jaialdiak iraun zuen bitartean erasoen prebentzio eta salaketarako neurriak hartu genituen arren, hurrengo urtera begira lanketan sakontzen jarraituko dugu», gehitu dute eta biharko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.