NAIZ
GASTEIZ

Gasteizen ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia, ekainaren 4ean

Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiak 26. edizioa izango du aurten, eta Gasteizek hartuko du ekainaren 4ean. ‘Josi ta josi’ izango da jaiaren leloa.

Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiaren 26. edizioa aurkeztu dute Gasteizen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaiaren 26. edizioa aurkeztu dute Gasteizen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Ekainaren 4ean Gasteizen ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia. Arabar hiriburuan aurkeztu dute gaur. 1994tik guraso elkarteek antolatzen dute. «Publikotasunetik soilik lortu daiteke hezkuntza sistema inklusibo eta ekitatiboa», defendatu dute.

‘Josi ta josi’ da jaiaren 26. edizio honetako leloa. Azaldu dutenez, leloaren bitartez «aniztasunak eskaintzen duen aberastasunetik abiatuta, Euskal Eskola Publikoak elkarbizitzan oinarritutako gizarte kohesionatua eraikitzen duela, eta errespetuaren eta tolerantziaren baloreetan hezten dituela etorkizuneko belaunaldiak» azaldu nahi dute.

Era berean, «kolore desberdinetako piezak gainjarriz, oinarrizko irudi horien aberastasuna eta aniztasuna» azaleratu nahi ditu irudiak. Ibon Saenz de Olazagoitia diseinatzaile gasteiztarrak sortu du.

Gasteizko ikasleen gehiengoa ikastetxe publikoetan dago. 19.000 ikasletik gora dira, 40 ikastetxetan banatuak daudenak.