NAIZ
BILBO

Osasun zerbitzuen pribatizazioa gaitzetsi dute Osakidetzako sindikatuek

Osakidetzako sindikatuek, ELA, LAB, SATSE, ESK, CCOO eta UGTk, mobilizazioak egin dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen, osasun zerbitzuen pribatizazioa gaitzesteko. Osakidetzak jarrera aldatzen ez duen bitartean mobilizazioak antolatzen jarraituko dutela ohartarazi dute.

Bilbo, Donostia eta Gasteizen egin dute protesta Osakidetzako sindikatuek. (LAB)
Bilbo, Donostia eta Gasteizen egin dute protesta Osakidetzako sindikatuek. (LAB)

Osasun Sailak EAEko hiru hiriburuetan dituen ordezkaritzen aurrean mobilizazioak egin dituzte ELA, LAB, SATSE, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek, Osakidetzak «pribatizazio estrategiari» eusten diola salatzeko.

Zehazki, Urdulizko ospitaleko lentzeria eta sukalde zerbitzuaren zein Lezako ospitaleko garbiketa zerbitzuaren pribatizazioak kritikatu dituzte. Lezako ospitaleko informatika zerbitzua Osakidetzatik kanpora eramateko asmoa ere gaitzetsi dute.

Era berean, Eibarko Ospitala ireki orduko zenbait zerbitzu kudeaketa pribatuaren esku uzteko nahia azpimarratu dute, besteak beste, erreabilitazioarena.

Osasun sistemak zenbat eta pribatizatuago egon, zerbitzuak eskuratzeko «orduan eta desberdintasun handiagoa» dagoela nabarmendu dute sindikatuek. «Guk apustu egiten dugu ekitatearen alde, baina, horretarako, ezinbestekoa da osasun publikoa sendotzea», adierazi dute.

Jon Darpon sailburuaren dimisioa eskatzeko oihuak ere egin dituzte protestetan parte hartu dutenek.

Hurrengo hitzordua martxoaren 7rako jarrita dagoela esan dute, lantokietan egingo dituzten protestekin. Osakidetzaren jarrera aldatzen ez den bitartean mobilizazioek jarraituko dutela nabarmendu dute.