NAIZ
BAIONA

Armagabetzeari buruzko foroa antolatuko du Bake Bideak martxoaren 17 eta 18an

‘Armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura’ lelopean foroa egingo da martxoaren 17 eta 18an Biarritzeko Bellevue aretoan, Bake Bideak antolatuta. Euskal Herriko egoera izango dute nagusiki aztergai, baina Kolonbiako bake prozesuari ere erreparatuko diote.

Desprez eta Funosas, foroaren berri emateko agerraldian. (Bob EDME)
Desprez eta Funosas, foroaren berri emateko agerraldian. (Bob EDME)

Baionan egindako agerraldi batean, martxoaren 17 eta 18rako Bake Bidea prestatzen ari den armagabetzeari buruzko foroaren berri eman dute Anaiz Funosas eta Christophe Desprezek.

Bake Bidearen arabera, Luhuson gertatutakoak mugarri bat markatu du Euskal Herrian. «Estatuen mespretxuaren aurrean, eragile instituzional, sozial eta politikoekin armagabetze prozesu bat eraikitzen ahal dugu», azpimarratu dute.

Izan ere, bake-artisauen atxiloketak eta ondoren izandako erreakzio askotarikoak (atxikimenduak, 4.000 lagun Baionako karriketan, Bilboko eragile politiko eta sozialen agerraldia, Ipar Euskal Herriko 700 hautetsien gutuna Parisko gobernuari...) egiazko astindua eragin dute, «perspektiba berriak» zabalduz.

«Euskal gizartean gauzak laster mugituko diren sentimendua sumatzen dugu. Are, konponbide prozesua, armagabetzearen eta preso eta iheslarien gaiak barne, bururaino eramateko borondate irmoa erakutsi eta eginkizun hori bere ere egin duela uste dugu» adierazi dute.

Kazetak azaldu duenez, Kolonbiarantza zuzenduko du begirada Biarritzeko Bellevue aretoan egingo den foroak, herrialde horretako bake prozesuaren baitako bake akordioetan FARCen laguntzaile juridikoa izan den Enrique Santiago abokatua izango baita hizlari, iluntzeko 20.30etik 22.00etara. Bake prozesuan jendarte zibilak izan duen parte hartzeaz mintzatuko da Santiago.

Biharamunean, goizeko 9.00etan hasiko da saioa. Michel Veunac Biarritzeko auzapezaren harreraren ondotik, Berghof Fundazioko Veronique Dudouetek hartuko du hitza, desarmatze prozesuen printzipioez hitz egiteko.

Ondoren, Luhuson izan zen polizia operazioaren harira, bertan atxilotua izan zen Mitchel Berhocoirigoinek, Anaiz Funosasek eta Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak egoeraren irakurketa egin eta aurreikuspenak plazaratuko dituzte.

Azkenik, operazioa izan zen egunean Luhuson egotekoa zen Michel Tubianak hartuko du hitza. Estatu frantseseko Giza Eskubideen Ligako Ohorezko presidentea da, eta hari dagokio foroari itxiera ematea.