NAIZ
BILBO

Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa aurkeztu dute

Euskara lan hizkuntza duten bost ganbera legegileek eta Euskaltzaindiak Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa aurkeztu dute Bilbon. Akademiak eta Gasteizko Legebiltzarrak 2011n sinatutako lankidetza hitzarmenaren emaitza da, eta ganbera horrek, Nafarroako Parlamentuak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako batzar nagusiek, IVAPek, UZEIk eta Euskaltzaindiak parte hartu dute.

Bilbon egin dute Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioaren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)
Bilbon egin dute Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioaren aurkezpena. (ARGAZKI PRESS)

Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioaren aurkezpenean azaldu dutenez, euskaraz lan egiten duten erakunde legegileek 35 urteetan zehar erabili izan dituzten hitz juridiko-parlamentarioek «beharrezkoa» zuten hiztegi berriak eskaintzen duen normalizazio eta estandarizazio markoa.

Hiztegia egiteko lantalde tekniko bat eratu zen 2015eko irailean, non parte hartu zuten erakunde legegileen (Gasteizko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak) eta IVAP, UZEI eta Euskaltzaindiaren ordezkariek.

Egin zituzten bileretan, Gotzon Lobera batzorde teknikoaren lehendakariak azaldu duenez, erakunde bakoitzak bere eguneroko lanean erabiltzen duen terminologia partekatu zuten.

Zehazki, artxibo eta datu baseetatik ateratako 255.298 hitzekin hasi ziren. Hortik aurrera, 4.343 sarrera elebidun atera ziren, zeinak abiapuntu gisa erabili ziren Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa sortzeko beharrezko adostasunak iristeko.

Lan metodologiaren oinarria adostasuna izan da, erakunde bakoitzaren hitz esklusiboak errespetatuz eta erakunde legegileek partekatzen dituzten sarrerentzako erabilera normalizatura iritsiz. Era horretan, azkenean, 1.754 hitz jaso dira dokumentuan. Dokumentua Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurak onetsi du.

«Oinarri on bat»

Argitalpenak erakunde legegileetako lehendakarien konpromiso eta asmoen adierazpena ere badakar. Bakartxo Tejeriak (Gasteizko Legebiltzarra), Ainhoa Aznarezek (Nafarroako Parlamentua), Pedro Elosegik (Arabako Batzar Nagusiak), Ana Otaduik (Bizkaiko Batzar Nagusiak) eta Eider Mendozak (Gipuzkoako Batzar Nagusiak), egindako bateratze lanaren balioa nabarmentzeaz gain, uste dute oinarrizko hiztegi hau dela «oinarri on bat etorkizunean euskaraz sortuko diren termino juridiko-parlamentario berriak finkatzeko», eta nahi dute «erabilgarria izatea ez soilik gure ganberetako zerbitzu eta kideentzat, baita profesionalentzat eta, azken batean, herritar guztientzat ere».

Halaber, eskerrak eman dizkiote Euskaltzaindiari eta aitortu dute Euskaltzaindiaren laguntza eta babesa «ezinbestekoak» direla eta izango direla horrelako lanetarako. Dokumentua sinatu da ekitaldian zehar eta Andres Urrutia euskaltzainburuari eman zaio, bost erakunde legegileen euskararekiko hitzarmenaren adierazgarri gisa.

Oinarrizko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa Euskaltzaindiaren webgunean izango da eskuragai, kontsultatzeko, baita erakunde legegile guztien web orrietan ere, barne erabilerarako zein erakundeen web orri horietara hurbilduko den edozeinek kontsultatzeko eta deskargatzeko.