Jon Ormazabal
Tolosa

Urrutikoetxea-Imazek are gehiago estutu dute sailkapena (22-19)

Korapiloa askatzeko baino, gehiago estutzeko balio izan du Tolosako Ihauterietan jokatutako partidak, Urrutikoetxea-Imaz bikotearen garaipenarekin sei dira eta dagoeneko seina punturekin berdinduta dauden bikoteak. Txapelketan gertatzen ari denaren antzera, lehiaren orekak salbatu du, huts gehiegi pilatu diren partida.

Mikel Urrutikoetxea, pilota astintzeko prest. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Mikel Urrutikoetxea, pilota astintzeko prest. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Urrutikoetxeak partida hasieran jarritako erritmo biziari esker, Asegarcekoak 9-3 aurreratu dira markagailuan. Zaratamokoa airez sartu da aukera zuen uneoro, Danel Elezkanoren eskuina bilatu du sarri eta, atzean Jose Javier Zabaletak agintzea lortu ez duenez, erraz joan dira markagailuan.

Hala ere, sakea berreskuratu eta hiru sake-erremate eta Imaezk erantzun gabe utzi duen beste sake bati esker, urdinak markagailuan aurre hartu ahal izan dute, 9-11. Takadaka jokatutako lehia izan da eta Asegarcekoak berriz joan dira, 16-12. Bi aurrelariek asmatu dute, baina akatsak ere egon dira eta lehia oso orekatua heldu da amaierara. Azken txanpa horretan, Asegarcekoak osoago heldu dira, huts gutxiago egin dituzte eta garaipena eskuratu dute, azken jardunaldira bizirik helduz