NAIZ
BERMEO

Euskal flotako emakumeak omendu dituzte Matxitxakoko batailaren oroimen ekitaldian

80 urte dira Matxitxakoko itsas-bataila eman zela eta orduko hartan euskal flotaren kide ziren emakumeak omendu dituzte igande honetan Bermeon egin duten oroimen ekitaldian. Bertan izan dira Lakuako Gobernuko, EH Bilduko, PSEko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. Armintzan ere egin dute omenaldia, Oroilore Ikerketa Taldeak antolatuta.

Armintzan Oroilore taldeak antolatuta egin duten ekitaldia. (@julenaretakoa)
Armintzan Oroilore taldeak antolatuta egin duten ekitaldia. (@julenaretakoa)

Matxitxakoko itsas-batailaren 80. urteurrena betetzen den honetan, oroimen ekitaldia egin dute Bermeon. Ekitaldiak, baina, omendu berezi batzuk izan ditu: orduko hartan euskal flotarekin ziren emakumeak.

Lakuako Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekarena izan da ekitaldiko hitzartze nagusia, zeinak Nestor Basterretxea artistaren «Matxitxakoko Guda» izeneko eskulturan hitz egin duen. Hala ere, bertan izan dira EH Bilduko, PSEko eta Elkarrekin Podemoseko kideak ere, besteak beste.

Martxoaren 8aren bezperatan aurkitzen garela eta, emakumeei zuzenduak izan dira Erkorekaren hitzak. Hauek egiten duten «lan isila» nabarmendu du, «adorez, gizonezkoekin parez-pare» borroka egin zutela azpimarratuz.

Zehazki, Paquita Garcia, Maria Luisa Jimenez eta Miren Lenizbarrutia izan ditu gogoan, zeinak ziurra den Matxitxakoko batailan parte hartu zutela.

Bermeoko alkate Idurre Bideguren eta Matxitxako Elkarteko buru Javier Olabeagak ere hartu dute parte ekitaldian, eta gudan izan zirenen emakumeak izan dituzte gogoan, «jasan behar izan zuten sufrimenduagatik».

Kukai dantza taldeak ere bere alea jarri du ekitaldian, eta «Boga, boga, marinela» abestia kantatu dute guztiek elkarrekin.

Bestalde, Oroilore Ikerketa Taldeak antolatuta ekitaldi paralelo bat egin dute Armintzan (Lemoiz). Hain zuzen, aipatu ekitaldikoa da albistearen argazkia.