EAJk irabaziko lituzke berriz hauteskundeak eta PSEk Podemosi aurrea hartuko lioke

EAJk berriro irabaziko lituzke Gasteizko Parlamenturako hauteskundeak, orain eginez gero, EiTB Focus inkestaren arabera. EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraituko luke; PSEk aurrea hartuko lioke Elkarrekin Podemosi eta hirugarren postuan kokatuko litzateke, azken horren aurretik, eta PP izango litzateke azkena, eserleku bat galduta.

NAIZ|GASTEIZ|2017/03/09 15:31|16 iruzkin
Urkullu-alonso
EAJk lehen indarra izaten jarraituko luke, eta PPk azkena. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

EAJk orain baino eserleku bat gehiago lortuko luke, 29, Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak orain egingo balira, botoen %38,2 jasota (aurreko hauteskundeetan %37,6ko babesa jaso zuen).

EH Bilduk bigarren postuari eta legebiltzarkide kopuruari eutsiko lioke (18). Boto portzentajean ere ia ez dago aldaketarik (%21,2%), lehen baino hamarren bat gutxiago eskuratuko bailuke.

PSE laugarren indarra izatetik hirugarrena izatera igaroko litzateke, Elkarrekin Podemosi aurrea hartuta. Orain baino 2 eserleku gehiago izango lituzke, guztira 11. Podemosek, aldiz, bi galduko lituzke eta bederatzirekin geratu.

Botoei dagokienez, PSEk %13,4 izango luke –%11,9 azken hauteskundeetan–, eta Podemos %14,9tik %12,8ra jaitsiko litzateke.

PPk ordezkari bat galduko luke Ganberan eta zortzirekin geratuko litzateke (%9,7).

Herrialdeka, Araban EAJk legebiltzarkide bat irabaziko luke eta 9 izango lituzke. EH Bilduk oraingo bostei eutsiko lieke, PPk bat galduko luke eta PSEk bat irabazi. Elkarrekin Podemosek ere bat gutxiago izango luke.

Bizkaian jeltzaleek hamaika eserlekurekin jarraituko lukete eta EH Bilduk bostekin. PSE 3tik 4 izatera pasako litzateke, eta Elkarrekin Podemos alderantziz, 4tik 3ra. PPk birekin segiko luke.

Gipuzkoan banaketa oraingo bera izango litzateke.

EiTB Focus inkestak 1.200 elkarrizketa egin ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, otsailaren 22tik 24ra, telefonoz.