Kronika
M19 galdeketak
Oarsoaldeko herririk anitzenean ere eman dute pausoa

Errenteria hagitz herri anitza da, sentsibilitate ugari biltzen dituena. Horren isla da Euskal Herriaren etorkizun politikoari buruzko galdeketan bi galdera planteatzea: «Ados zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin? Baiezko kasuan, ados zaude independentea izatearekin?». Goizean goizetik jarri dira martxan hainbat eta hainbat bolondres –orain arte aktibatu ez direnak ere bai tartean, erran digutenez– bozkalekuak prest izateko eta erabakitzeko lehendabiziko pauso hau ongi, berme guztiekin, emateko. Antolatzaileek arratsaldean azaldu dutenez, normaltasunez doa eguna. Bozkalekuak itxi eta segidan ekitaldi nazionala izanen da Alamedan.

@gara_miantzi|Errenteria|2017/03/19 15:10
Loading player...

Goizeko zazpi eta erdietarako mahaietan zeuden arduradunak, Errenteria osoan barna banatutako hamalau bozkalekuetan. 9.00etan ireki dituzte ateak eta poliki-poliki herritarrak bozkatzen hasi dira.

Eguraldi ederrarekin Alamedako terrazak beteta ageri dira. Brokante azoka bat ere ireki dute. Dantzariekin topo egin dugu Biterin, joaldunak aditu ditugu Fanderian, danborjoleen ikuskizunaz gozatu Alamedako karpan; hauteslekuen atarian txalapartariak saioa eskaintzen ari dira. Herri bizia da Errenteria beti, baina gaur egun berezia da, Euskal Herriaren etorkizun politikoaren inguruan erabakitzen hasteko eguna.

Auzoetako jarduna, gakoa

Biterikoa da bozkaleku nagusia eta bertan dabil jende gehien. Atean dira Aitor eta Olaia bolondres gazteak, txaleko horiak soinean, begirale lanetan. Olaiak kontatu digu normalean aktibatzen ez den jendea ere animatu dela galdeketaren antolaketan parte hartzera. «Zentroan mugitzen hasi ginen duela urtebete eta behin kudeatuta, auzoetara zabaldu ginen, bertakoekin hitz eginez. Gakoa izan da auzoetako jarduna, bakoitzak bere ekimena egitea, gurea herri anitza baita», nabarmendu du.

Azaroan, eguraldi traketsari aurre eginez, giza kate batekin inguratu zuten Pasaiako badia osoa. Eta orain dela aste batzuk herri bazkaria egin zuten. Galdera erabakitzeko prozesu bat egin dute ideologia desberdinetako lagunen artean. «Ariketa polita izan da herriarentzat».

Bozkatu berri harrapatu dugu Emilio Rodriguez. «Eskubideak eta askatasunak aldarrikatzea den guztia zoragarria iruditzen zait, eta hau eskubide bat da, lagungarria herriak balio demokratikoagoak izateko». Honaino iristeko sinadurak biltzen ibili zen Emilio. Eta katebegi izan zen giza katean ere.

«Herri honetan sentsibilitate ugari daude –jarraitu du azaltzen–. Adibidez, Estatu espainiarra federala edo konfederala izatea defendatzen dute batzuek». Galderei buruzko iritzia galdetuta, «lehen fase honetarako balio dezakete» erantzun du, berarentzat hau ez baita hasiera bertzerik, herritarren iritzia jakiteko balio duena. «Egunen batean benetan erabakitzeko eskubidea lortzen badugu, eztabaida sakonago bat beharko dugu. Baina eztabaida hori ez da inoiz iritsiko gaurkoa bezalako ekimenik gabe».

Emilio etorkin ekonomikoen semea da. Salamancako Sancti Spiritus herri ttikian jaio eta 8 urterekin etorri zen Euskal Herrira eta «bere lurra» hau dela sentitzen du.

Naroa Iturri Demoarsoko bozeramaileak kontatu duenez, eguna normaltasunez doa. Arazotxo bat izan dute sistema informatikoarekin, baina berme batzordekoak fin ibili dira informatikariek konpondu bitartean. Hala, arazorik gabe eman ahal izan dute botoa guztiek.

Ilunabarrean giro ederra espero dute, Porrotxek alaitua. Azken orduko bozkak hartzearekin batera itxiko dituzte hautestontziak, 20.00etan. Foko guztiak Errenteriara bideratuko dira orduan, 20.30etan ekitaldia nazionala eginen baitute Alamedako karpan. Bertan eginen dute Gure Esku Dagokoek egunaren balorazioa.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK