NAIZ
BILBO

Eduardo Izarzugaza bihar kanporatuko dute Turkiatik, kargurik gabe

Brigadako kideek zabaldu dutenez, Eduardo Izarzuaga otxandiarrari karguak kendu dizkiote baina Turkiatik kanporatuko dute bihar goizean bertan. Kurdistanera joandako Euskal Herriko delegazio internazionalistak gogor salatu du Turkiako Poliziak Izarzugaza otxandiarra modu «arbitrarioan» atxilotu izana eta, hortaz, haren berehalako askatasuna exijitu dute.

Segurtasun neurri zorrotzen artean ospatu dute aurten kurduek Newroz festa nazionala. (Ozan KOSE/AFP)
Segurtasun neurri zorrotzen artean ospatu dute aurten kurduek Newroz festa nazionala. (Ozan KOSE/AFP)

Ohar baten bitartez, Kurdistanera joandako euskal delegazio internazionalistak Eduardo Izarzugazaren atxiloketa salatu du. «Terrorismoaren aurkako» poliziak Izarzugaza modu «arbitrarioan» atxilotu duela azpimarratu dute eta berehala aske utz dezatela exijitu dute. Brigadako kideek sare sozialen bitartez zabaldu dutenez, karguak kendu dizkiote Izarzugazari. Hala ere, oraindik atzerritarren bulegoan dute atxilotuta eta Turkiatik kanpuratuko dute. Komite Internazionalistak jakinarazi du bihar goizean kanporatuko dutela eta 17:45ean iritsiko dela Louko aireportura.

Atzo atxiloketaren berri ematerakoan azaldu zutenez, Licetik Diyarbakirrera zihoazela atxilotu zuten otxandiarra, errepide kontrol batean eta, ondoren, TEM Terrorismoaren Aurkako Sailaren egoitza batera eraman zuten.

Kurduen Newroz festa nazionalaren harira gonbidatu gisa joan zen Euskal Herriko delegazioa. Erdoganek bultzatutako Konstituzioaren erreformaren inguruko erreferendumetik hiru astera ospatu da aurten festa hori eta, internazionalistek nabarmendu dutenez, kurduen bozkak dira erreforma hori bertan behera uzteko gakoa. Ondorioz, tentsio giroa nabarmena dela adierazi dute.

Delegazioaren asmoa «jazarpen historikoa» pairatu izan duen Lice hiria bisitatzea zen. «Azken 15 egunetan, hiria 10.000 militarrek setiatuta egon da, mugimendu kurduak pairatzen duen errepresio krudelaren barruan», esan dute.

Hortaz, Izarzugazaren askatasuna exijitzeaz gain, babesa eta elkartasuna adierazi diote herri kurduaren borrokari eta azken urteotan izandako gertaeren ardura Turkiaren politika «antidemokratiko eta kolonialistari» egotzi diote.

«Ezinbestekoa da kontuan hartzea Turkia larrialdi egoeran dagoela eta gure laguna kalean edo hegazkin batean etxerako bidean egon arte ezin garela erlaxatu», gaineratu dute.