NAIZ
Azpeitia

Bestelako harreman ereduetarako «borroka anitzek bat egitea» defendatu du Bilgune Feministak

Ekonomia feministaren inguruko foroa ospatu du Bilgune Feministak Azpeitian «bizi ditugun gurutzada neoliberalen aurrean feminismotik irekitzen diren erresistentzia eta alternatibentzako gakoak» aztertzeko.

Ekonomia feministaren inguruko foroa ospatu du Bilgune Feministak Azpeitian. (Bilgune Feminista)
Ekonomia feministaren inguruko foroa ospatu du Bilgune Feministak Azpeitian. (Bilgune Feminista)

Bilgune Feministaren 15. urteurrenaren harira antolatu dituzten jardunaldien harira, ekonomia feministaren inguruko foroa ospatu dute gaur Azpeitian. «Gure herrian bizitza ona kolektiboki ezaugarritzeko urratsak eman eta burujabetza feministaren norabidean, bizi ditugun gurutzada neoliberalen aurrean feminismotik irekitzen diren erresistentzia eta alternatibentzako gakoak aztertu ditugu», azaldu dute ohar baten bidez.

200 lagunetik gora batu dira. Bestelako harreman ekonomiko, politiko eta sozial ereduak eraikitzeko bideak arakatu dituzte. Horretarako Cristina de la Cruz (REAS Ecosolfemeko kidea), Helena Franko (EHUko ekonomia irakasle eta Ogasun diputatu ohia), Mari Luz Esteban (EHUko gizarte antropologia irakaslea) eta Silvia Carrizok (Malen Etxeako kidea) mahai-ingurua egin dute.

«Indarrak gurutzatu, batu, biderkatu, hedatu. Indar bat badabil hor… ez dadila alperrik izan, baliatu dezagun bizitza erdigunera ekartzeko», aldarrikatu dute. «Gaurkoan ere argi ikusi dugu, ez garela ez bat ez bi ez hiru, aldaketa hau norabidetu nahi dugunak. Eta feminismotik hautu garbi bat egiten dugu aldaketa hau norabidetu eta trantsizio feminista hauspotzeko», adierazi dute.

Aldaketa honetan, indarren metaketaren beharra nabarmendu dute. «Bizitzak erdigunera ekartzeko erronka honetan norantza berdinean doazen proposamenak behar ditugu baina bideak, geldiuneak, erritmoak eta pausoak anitzak izango diren arren, argi dugu ibilbide hau elkarrekin egingo dugula, borroka anitzak bat eginda».