NAIZ
BILBO

Euskaraz ikasteko arazoek kezkatuta, itxialdia egiten ari dira osasungintzako ikasleak

EHUko Medikuntza eta osasun arloko graduetako ikasleak bihar arteko itxialdia hasi dute euskaraz ikasteko dauden arazoak salatzeko. Itxialdiaren bukaeran, Leioako campusean manifestazioa egingo dute bihar, osteguna, goizeko 11.15ean.

Itxialdiaren aurkezpena. (@MedikAsanblada)
Itxialdiaren aurkezpena. (@MedikAsanblada)

Osasungintzako ikasle mugimenduak deituta, euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko itxialdia hasi dute Leioako campusean Medikuntza eta osasun arloko beste graduetako ikasleek.

Medikuntzako graduan euskarazko matrikulazioa «behera doan heinean» klaseak «murrizteko arriskua» dagoela ohartarazi dute. Honen aurrean dekanotzaren «konpromiso falta» salatu dute, «arazoa kualitatiboki konpontzen saiatzea baino, euren konponbidea klaseak murriztea besterik ez baita».

Euskaraz ikasteko eskubidea «urratzen» duten beste faktore batzuk ere badaudela adierazi dute: «plaza elebidunak elebakar bihurtzea, euskarazko irakasleen kontratazio eta lan baldintza okerragoak, hizkuntzaren garapenean apustua egiteko interes falta...».

Osasungintzako beste ikasketetan ere «egoera kezkagarria» dela nabarmendu dute.

«Etorkizunean aurreikusten den egoera tamalgarriari aurre egiteko», ikasle, irakasle eta langileok modu bateratuan jokatu eta erantzutea «beharrezkoa» da, ikasleen esanetan.

Eguerdiko ordu batean hasi dute itxialdia eta egunean zehar mota desberdinetako ekimenak antolatu dituzte.

Bihar, goizeko 11.15ean, prentsaurrekoa eskainiko dute eta ondoren manifestazioa egingo dute campusean.