NAIZ
MADRIL

50 urteko espetxe zigor bana eskatu du fiskalak Aginagalde eta Larretxearentzat

2008an Inaxio Uria enpresaria hiltzea egotzita, Beñat Aginagalde eta Joanes Larretxearentzat 50 urteko espetxe zigor bana eskatu du Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak.

Aginagalde eta Larretxea, asteartean, epaiketaren hasieran. (POOL EFE)
Aginagalde eta Larretxea, asteartean, epaiketaren hasieran. (POOL EFE)

Bere ondorioak aurkezterakoan, 50 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu Auzitegi Nazionaleko fiskalak Aginagalde eta Larretxearentzat, Inaxio Uria enpresaria hiltzea leporatuta. Hasierako eskaera 59na urtekoa zen, baina fiskalak «talde terroristako» kide izatearen akusazioa erretiratu du, beste auzi batzuetan delitu horrengatik zigortuak izan direlako.

Hala, «legez kanpoko atxiloketa egitea, ibilgailu bat lapurtzea, kalte terroristak eta hilketa» delituak leporatzen dizkiete.

Espetxe zigorrez gain, fiskalak kalte-ordainak eskatu ditu Inaxio Uriaren alargunarentzat (160.000 euro) eta seme-alabentzat (240.000 euro guztira).

Asteartean, epaiketa hastearekin batera, inolako adierazpenik egiteko asmorik ez zeukatela jakinarazi zioten epaimahaiari Aginaldek eta Larretxeak.

Torturak eta mehatxuak gogora lekukoek

Kasu honengatik epaitua eta zigortua izan zen Manex Castrok lekuko gisa deklaratu zuen lehen egun hartan Auzitegi Nazionalean eta, azpimarratu zuenez, epaiketan egin zituen deklarazioak ez ditu gogoratzen «tortura eta mehatxupean» egin zituelako.

«Ertzaintzak testua ikastera behartu ninduen. Ez dut ezer gogoratzen. Jo egiten ninduten, ez zidaten lo egiten uzten eta presio psikologikoa egiten zidaten», azaldu zuen Castrok.

Lekuko gisa deklaratu zuten Iraitz Santa Cruzek, Ibai Beobidek eta Josune Baldak ere nabarmendu zuten torturak jasan izan zituztela eta poliziek esan zietela deklaratu beharrekoa.