NAIZ

Euskal Herriko Itzulia eta Zaporeak proiektua, errefuxiatuen alde elkarlanean

Euskal Herriko Itzuliak helmuga izango duen herri eta hiri guztietan Zaporeak proiektuko kideek elkartasun pintxopotea eta elikagai eta material bilketa bat antolatuko dute. Proiektu berri horrekin helburutzat jarri dute 2.000 errefuxiatuei jaten ematea eta horretarako hilabetero «milaka» elikagai beharko dituztela nabarmentzen dute.

Euskal Herriko Itzulia eta Zaporeak proiektua elkarlanean arituko dira. (Zaporeak)
Euskal Herriko Itzulia eta Zaporeak proiektua elkarlanean arituko dira. (Zaporeak)

Apirilak 3 eta 8 bitartean izango da Euskal Herriko Itzuliaren 57. edizioa eta errefuxiatuen alde lan egiten duen Zaporeak proiektuarekin elkarlanean arituko da antolakuntza. Zaporeak 2016ko martxoan hasi zen errefuxiatuen alde zuzenean lan egiten, akanpalekuetan jaten ematen. Orain proiektu berri batean murgildu dira, eta Itzuiaren bitartez eman nahi dute ezagutzera. «Grezian dauden ahalik eta errefuxiatu gehienei iristea da horren helburua, errefuxiatu horiei elikagaiak eta materialak bidalduz», azaldu dute ohar baten bidez.

Biltzen dituzten elikagaiak Atenasen okupa etxeetan dauden errefuxiatuei banatzen dizkiete. Proiektu berri horrekin helburutzat jarri dute 2.000 errefuxiatuei jaten ematea eta horretarako hilabetero «milaka» elikagai beharko dituztela nabarmentzen dute.

Proiektu berriari oihartzuna eman asmoz, Itzulian presentzia izango du proiektuak. Helmuga izango diren herri eta hiri guztieta jendeak aukera izango du laguntzeko. Zaporeak proiektuko kideek elkartasun pintxopotea eta elikagai eta material bilketa bat antolatuko dute helmuga bakoitzean.

Elikagai bilketa 17:00etan hasiko da, etapa amaitzearekin batera. Elkartasun pintxopotea, aldiz, 19:00etan hasiko da eta salgai jarriko diren pintxo eta edariak taberna eta jatetxe desberdinek dohainik emango dizkiote Zaporeak Proiektuari, horrela ekintzatik ateratzen den diru guztia proiektura bideratuko da bere osotasunean. Parte hartzen duten tabernen artean daude Iruñeko Baserriberri, Ziekoko tabernak, Donostiako Txuleta, Urola, Aratz, Amara Plaza, Iru Chef eta Tiburcio, Bilboko Hotel Gran Bilbao eta Eibarko Koxkor, Txoko, Agrupe eta Mausitxa gaztak.

Era berean, 20:00etan, helmuga bakoitzean, zozketa bat egingo dute eta horretarako ezinbestekoa izango da Zaporeak Proiektuko kideek salgai izango dituzten txartelak erostea. Arratsaldero zozketatuko dituzte Itzuliko liderraren mailota, Artzai Gaztak emandako gazta bat eta bi sagardo botila, besteak beste.