Michael Matthews gailendu da Sarrigurengo helmugan

Sunweb taldeko Michael Matthews txirrindulari australiarrak irabazi du Euskal Herriko Itzuliaren aurreneko etapa, Iruñean hasi eta Sarrigurenen bukatu dena (153,3km).

NAIZ|IRUÑEA|2017/04/03 17:32
Matthews
Michael Matthews, Sarrigurenen helmugaratzean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Esprintean nagusitu da Michael Matthews australiarra eta berak irabazi du Euskal Herriko Itzuliaren 57. edizioaren aurreneko etapa, Iruñean hasi eta Sarrigurenen bukatu dena.

Helmugatik 250 metro ingurua 90 graduko bihurgunea pasa behar izan dute txirrindulariek eta, bertatik ia garaile gisa atera da Sunweb taldeko australiarra.

Haren atzetik sartu diren biak ere australiarrak dira, hain zuzen Jay McCarthy (Bora) eta Simon Gerrans (Orica).

Azken kilometroan erori egin da Alberto Contador (Trek Segafredo), Itzulia irabazteko faboritoen artean dagoen txirrindularietako bat, eta minutu bat beranduago helmugaratu da. Hala ere, arautegia aplikatuz, erorikoa azken kilometroan gertatu denez, ez du sailkapen nagusian ondoriorik izango.

Igor Anton galdakoztarra (Dimension Data), Lluis Mas (Caja Rural) eta Yoan Bagotek (Cofidis) osatutako hirukotea protagonista izan da, ihesaldi goiztiar bat eginda, baina helmugara iristeko 20 kilometro baino gehiago falta zirela harrapatu dituzte eta ez dute garaipenerako aukerarik eduki. 

Bihar bigarren etapa izango da jokoan, Iruñetik abiatu eta Eltziegon amaituko dena, 173,4 kilometroko luzerarekin. Etaparen profilak ez du zailtasun handirik marrazten (Etxauri eta Aldeako gainak salbu) eta, hortaz, egun egokia izan daiteke esprint jendetsu batekin amai dadin.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK