Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Gernikako Aberri Egunean

Gernikako Udaletxe plazatik abiatu da aurtengo Aberri Eguneko manifestazioa, orain 80 urteko sirena soinu bera entzun ostean. «Euskal Herriak erabaki behar du» zioen pankartaren atzean bildu dira milaka herritar erabakitzeko eskubidea aldarri nagusitzat hartuta. Uztaritzen, aldiz, «eraikitzen ari den herria» ospatu dute.

NAIZ|GERNIKA|2017/04/16 12:15|6 iruzkin
Loading player...

Hasiera berezia izan du aurtengo Aberri Egunaren manifestazioak: duela 80 urte Gernikan entzun ziren sirena hotsek eman dute martxa hasteko agindua. "Euskal Herriak erabaki behar du" lelopean, milaka izan dira Udaletxe plazatik abiatu diren herritarrak.

Ikurrina eta arrano beltza guztiaren buruan, joaldunek ireki diete bidea manifestariei. Tartean izan dira, besteak beste, EH Bilduko hainbat parlamentari, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia, Iratxe Lopez de Aberasturi Udalbiltzako lehendakariordea edota Jordi Gaseni Kataluniako Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteko ordezkaria ere.

Gazteen presentzia ere nabarmena izan da Gernikan. Amaitu berri den Gazte Akelarretik ehunka gazte gerturatu dira Aberri Eguna ospatzera eta Gazte Abertzaleek ere bertan bildu dute euren kidegoa, nazioarteko ordezkaritza ezberdinen presentziarekin.

«Independentzia» eta «Jo ta ke, irabazi arte» oihuen artean egin du bidea manifestazioak, harik eta Foruen plazara iritsi den arte. Bertan egin dute amaierako ekitaldia, eta oholtza gainean izan dira Rafa Rueda eta Edorta Jimenez, Hesian taldeko Fran eta Zuriñe, Kataluniako Bergako Frances Rivera zinegotzia eta Txutxi Ariznabarreta Independentistak Sareko eleduna.

Bere hitzartzean, estelada handi bat bizkarrean zuela, herria eta erabakitzeko eskubidea elkartzen direnean "dena" dela posible aldarrikatu du Ariznabarretak. Gaineratu du aurtengo Aberri Egunak ziklo berri bat irekitzen duela, «burujabetza prozesuaren zikloa». Era berean, euskal preso eta errefuxiatuen etxeratzea aldarrikatu du, hauen aldeko ohiuen artean.

«Eraikitzen ari den herria» ospatzen Uztaritzen

Ordu berean, milaka lagun bildu dituen martxa abiatu da Uztaritzen. Herritar soberanista talde batek deituta, 1.300 lagun inguru elkartu dira Aberri Eguna ospatzeko, tartean Udalbiltzako Luis Intxauspe, Pello Urizar eta Adolfo Araiz EH Bilduko legebiltzarkideak Gasteiz eta Iruñean, Anita Lopepe EH Baiko eleduna, Baterako Nikolas Blain, Xabi Larralde Sortuko buruzagia, Aitzinako gazteak...

Graxi Etxebeherek egin du ekitaldi amaierako hitzartzea. Bertan, «eraikitzen ari den herria» ospatzen ari direla adierazi du, eta Euskal Elkargoa sortzea urrats «handia» izan dela nabarmendu, nahiz «aski» ez izan: «Besteak beste, ez dituelako ahalmen aski gure herriaren geroa eta erabakitzeko eskubidea ziurtatzeko».

Hori bermatuko duen aterabide bakarra independentzia dela azpimarratu du, «urratsez-urrats irabazi behar dena».

Independentzia eta presoen aldeko oihuekin amaitu da ekitaldia, eusko gudariak abestuz eta ikurrinari agurra eginez. Herri bazkaria eta kantaldi eta kontzertuekin biribilduko dute eguna Uztaritzen.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK