NAIZ
GERNIKA

Aberri Egunak «burujabetza prozesuaren zikloa» ireki duela nabarmendu dute

Gernika Batzordeak eta Independentistak sareak atzoko Aberri Egun «jendetsu eta esanguratsuaren» arrakasta goraipatu eta «burujabetza prozesuaren zikloa» zabaldu duela nabarmendu dute.

Aberri Eguneko manifestazioaren burua Gernikan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Aberri Eguneko manifestazioaren burua Gernikan. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Gernika Batzordeak eta Independentistak sareak «oso arrakastatsutzat» jo dute atzoko Aberri Eguna eta zorionak eman dizkiete antolakuntzan parte hartu zutenei eta ekitaldian eta egun osoko egitarauan parte hartu zutenei, «denon artean lortu dugulako Aberri Egun oso jendetsu eta esanguratsua».

Ohar batean nabarmendu dutenez, aurreko asteburuan, Baionan larunbatean eta igandean Iruñean Korrikaren amaieran, bildu zen jendetzarekin batera, atzoko Gernikakoak «herri honetan ilusioak pizten hasi direla» erakusten du.

«Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren bezperatan, iragana oroituz etorkizuna eraikitzeko gogoa nabaritu zen jendearen artean», adierazi dute.

«Euskal Estatu demokratiko eta soziala eraiki eta Euskal Errepublika proklamatzearen aldeko oihua zabaldu zuten milaka eta milaka lagunek atzo Gernikatik, eta Aberri Egunak burujabetza prozesuaren zikloa zabaldu duela esan dezakegu», erantsi dute.

Horrekin batera, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenaren karira datozen egunetan antolatu diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute.