Lan istripuak eta lan gaixotasunak hazi egin direla salatu du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako ordezkariek 2016an lanean izandako istripu kopurua hazi egin zela salatu dute eta baita lanaren ondorioz pairatutako gaixotasunak ere. Hilaren 28an Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Bilbon eta Iruñean mobilizazioak deitu dituzte.

NAIZ|2017/04/19 15:20
794b05ee-613b-44d8-a453-945d2cebe36d
ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako ordezkariak. (ELA)

Lan Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da apirilaren 28an, eta honen harira, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek 2016an egoerak okerrera egin zuela salatu dute. 53 langile hil ziren lan istripuetan eta 2015ean baino %9 lan istripu gehiago izan zirela azpimarratu dute.

Sindikatuetako ordezkariek adierazi dute administrazioek gaixotasun profesionalei «ez dietela arretarik jartzen». Euskal Herrian laneko gaixotasunen inguruko datu ofizialik ez dagoela azpimarratu dute «Laneko ezbeharrek eragindako heriotza bakoitzeko, lan gaixotasunek eragindako 18 gertatzen dira».

Era berean, emakumeen egoera azpimarratu dute. «Segurtasun eta higiene arloko arriskuetatik harago joan beharra dago, arrisku psikosozialak hartu behar dira kontuan, eta aintzat hartu halaber, ugalketa-osasuna babestea dela genero-ikuspegiaren helburu nagusia osasunean».

«Berriro heriotza horiek salatu nahi ditugu, baina ez gara salaketa horretara mugatu, gure arreta gunea handitu nahi dugu, laneko gaixotasunetan gertatzen dena salatzeko konpromisoa berretsi nahi dugu», azpimarratu du LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek.

Jakinarazi dutenez, 2016an lan-gaixotasunak %8,2 igo ziren aurreko urteekin alderatuz, 10 laneko gaixotasun inguru gertatzen dira egun bakoitzeko eta egun batetik gorako baja eragiten duten lan-istripuak eta laneko gaixotasunak kontutan hartuta egunero 96 pertsonak jasotzen dute baja.

Egoera hau «errotik aldatuko luketen eskakizun zehatzak» plazaratu ditu Etxaidek. Alde batetik «errealitatea ezkutatzeari utzi eta begiratu diezaiotela behingoz arazoari» eskatu diete agintariei. Era berean, «osasuna ez galtzeko» prebentzio neurriak aldarrikatu dituzte. Zentzu horretan laneko ezbeharren ondorioak sendatzeko eta amaitzeko patronalari «erabakiak hartzeko pribilegioa» kentzea eskatu dute.

«Mutuek harro esaten dute zer aurrezten duten beren jardueraren bidez; hots, Aldi Baterako Ezintasuneko milioika lanaldi, eta milaka milioi euroren superabita. Baina ez dute baloratzen zer-nolako kostua ordaintzen duten pertsona horiek beren osasunarekin, eta gainera, langileek auzi luze eta korapilatsuei ekin behar izaten diete beren gaixotasunen lan-izaera aitortu diezaieten», salatu dute sindikatuek.

Aldarrikapen hauek kalera eramanen dituzte apirilaren 28an. Bilbon 11:00etan Confebasken egoitzan hasi eta Arriagara arte egingo dute mobilizazioa eta Iruñean 12etan Fremat mutuatik irtengo da manifestazioa. Bezperan ere Gasteizen eginen dute deialdia.