Fermin Muguruzak jasoko du 2017ko Adarra Saria

Fermin Muguruzak jasoko du Donostia Kulturak eskaintzen duen Adarra Saria aurten. Beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatu eta gure kulturara ekartzeko gaitasuna aitortu nahi diote sariarekin. Kontzertu berezia prestatu du ekainaren 21erako, saria emango dioten egunerako.

NAIZ|DONOSTIA|2017/04/20 10:56
Fermin-muguruza
Fermin Muguruza eta New Orleans Basque Orkestra-ren kontzertua, iazko sanferminetan. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Donostia Kulturak jakinarazi duenez, Fermin Muguruza musikariari emango diote aurten Adarra Saria. Ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean, jasoko du Victoria Eugenia antzokian eskainiko duen kontzertuaren atarian.

Epaimahaiak nabarmendu dutenez, «beste inork ez bezala», Muguruzak erakutsi du «beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna, eta gure kulturara ekarri ditu, euskararen baitara».

Iñaki Zarata kazetaria, Anjel Valdes musika ekoizlea eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikaria izan dira epaimahaikideak.

Komunikatzeko eta transmititzeko gaitasuna

«Fermin Muguruza etengabe ari da estilo ezberdineko han-hemengo talde eta musikariekin elkarlanean, nekaezin, eta, musikaren bidez, munduko bazter guztietako artistekin partekatzen ditu esperientziak». Horrekin batera, publiko gaztearekin komunikatzeko duen «berebiziko gaitasuna» goraipatu dute. «Euskal musikari gutxik bezala, bere kezka eta interesak haiei transmititzea lortzen du», adierazi dute.

Artista irundarrak jasoko duen saria Marijose Recalde iruindarraren eskultura bat da. Brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, «osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko», Donostia Kulturak azaldu duenez.

Kontzertu berezia

Saria emango dioten eguneako kontzertu berezia prestatu du Muguruzak. Lehen aldiz, bere errepertorioko kanta ezagunenak abestuko ditu Micaela Chalmeta Big Band - Taller de Musics de Barcelonak lagunduta. Sarrera 18 euro kostako da.

Adarra Saria Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak sortu zuten 2014an, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko. Lehen edizioan Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Bigarrenean, Ruper Ordorikari. Eta iaz, Benito Lertxundik eskuratu zuen.