NAIZ
OIARTZUN

Lehen Mailan jarraitzeko ezinbestekoak izan daitezkeen hiru puntu lortu ditu Oiartzunek (1-0)

Granadillaren aurka etxean 1-0 irabazita, Lehen Mailan jarraitzeko bidean bere biziko balioa izan dezaketen hiru puntu eskuratu ditu Oiartzunek etxean, Karla Lekuonan. [Emakumeen Ligako sailkapen eta emaitzak]

Liga amaiera gerturatzen ari da, eta Lehen Mailan jarraitze bidean puntuak behar ditu Oiartzunek, hobe hirunaka bada. Halaxe egin dute igande honetan Karla Lekuonan jokatu partidan Granadilla taldearen aurka irabazi ostean.

Bisitariek hobeki hasi dute neurketa, erabat nagusituz jokoan lehenengo 20 minutuetan bederen. Hasierako minutuen ostean, baina, pixkanaka bere onera etorri da taldea eta horretan iritsi da partidako gol bakarra. Korner bidez bada ere, 31. minutuan sartutako gol horri esker eskuratu ditu Oiartzunek hiru puntuak.

Ondo hasi dute bigarren zatia etxekoek, aurkariari gol aukerak sortzea oztopatuz. Amaieran, baina, ederki sufritu behar izan dute, Joanak baloia atepetik atera behar izan duenean adibidez.

Kontuak kontu, baina, etxean geratu dira Lehen Mailan jarraitzeko biziki baliotsuak izan daitezkeen hiru puntuak.

Errepasatu Emakumeen Ligako sailkapen eta emaitza guztiak NAIZen webgune berezian.