NAIZ
GASTEIZ

Andrea Bargnanik ez du Baskonian jarraituko

Baskoniak akordioa lortu du Andrea Bargnani hegal-pibot italiarrarekin, bi aldeek joan den udatik 2018ko ekaina arte zuten kontratua eteteko. Talde gasteiztarrak «zorte ona» opa dio jokalari italiarrari «maila profesionalean eta pertsonalean».

Andrea Bargnani jokalari italiarra. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Andrea Bargnani jokalari italiarra. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez, Baskoniak jakinarazi du jokalari erromatarrarekin kontratua deusestatzeko akordioa lortu duela.

Maila profesional zein pertsonalean zortea opa diola gaineratu du talde gasteiztarrak.

NBAko 2016ko draftean lehen postuan aukeratua izan zen Andrea Bargnani iazko ekainean heldu zen Gasteizera, Ioannis Bourousis greziarra ordezkatzeko, 2015-2016 denboraldiko MVP Panatihinaikos taldera joan baitzen.

Denboraldi honetarako apustuetako bat zen jokalari italiarra, baina lesioek ez diote utzi taldeari nahi beste laguntzen. Otsailetik zegoen bajan. 29 partida bakarrik jokatu ditu: ACBn 14 (batez beste 11.5 puntu, 2.5 errebote eta 7.7ko balorazioa 21 minututan) eta Euroligan 15 (8.8 puntu, 1.8 errebote eta 6.2ko balorazioa 16 minututan).

CSKA Moskuren aurkako partida galdu eta Euroligari agur esan eta biharamunean jakinarazi du Baskoniak kontratuaren etena. Bi punturen aldeagatik galdu zuten gasteiztarrek Moskuko taldearen aurkako hirugarren partida.

Bargnanirekin zeukan loturari amaiera emanda, Ligako playoff-ei begirako errefortzu baten bila ari da dagoeneko Baskonia.