NAIZ
ZARAUTZ

Askapenak 30. urteurrena ospatuko du urriaren 7an Berriozarren

Askapenak 30 urteko ibilibidea egin duela ospatzeko urriaren 7an Berriozarren ekitaldi politikoa ospatuko du, bertara Euskal Herriko internazionalista oro gonbidatu dutelarik. «Euskal Herria internazionalista eraikitze bidean, aurrerantzean lehentasunezkotzat ditugun ildoak jarriko ditugu oholtza gainean», nabarmendu dute.

Garai desberdinetako Askapenako kideak elkartu dira gaur Zarautzen. (Gorka RUBIO-ARGAZKI PRESS)
Garai desberdinetako Askapenako kideak elkartu dira gaur Zarautzen. (Gorka RUBIO-ARGAZKI PRESS)

Zarautzen egin dute gaur agerrialdia Askapenako kideek, talde internazionalista honen lehen asanblada 1987an izan zelako. «Urteak pasa arren Euskal Herri sozialista, feminista, euskaldun eta internazionalista baten alde borrokan jarraitzen dugu», nabarmendu dute.

«Hamaika dira urte horietan guztietan burututako dinamikak, kanpainak, elkartasun-keinuak, eta nola ez, babestutako askapen-prozesuak. Herri mugimendutik, Euskal Herriko kaleak internazionalismoz bustitzea izan dugu helburu. Etorkizuneko Euskal Herria eraikitze bidean, munduko herrien askapen-prozesuen bidelagun izateaz gain, gure herriko askapen nazional eta sozialari ere ekarpena egin nahi izan diogu, joan-etorriko elkartasuna oinarri», adierazi dute.

«Sistema kapitalista inperialista heteropatriarkalak munduko herriak irentsi nahi ditu, nazio, klase eta genero zapalkuntzaren bitartez, ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Herriok, langileok eta emakumeok jazartzea da kapitalaren mekanismoa. Horretarako, egitura ugari sortu ditu sistemak, hala nola Estatu burges zapaltzaileak, Europar Batasuna, NATO, Nazioarteko Diru Funtsa edota Munduko Bankua. Denak ala denak, burgesiaren interesak babesteko aparatu politiko, ekonomiko eta militarrak. Horietako bakoitzak irauten duen bitartean, herriok autoritarismoa, menpekotasuna, beldurra eta errepresioa besterik ez ditugu izango aurrean», gaineratu dute.

Bide honetan zailtasun ugariri aurre egin behar izan dietela azpimarratu dute. «Sistemak ez du onartzen bere oinarria zalantzan jartzen duen proiekturik. Hala, beste mugimendu askoren gisan, kriminalizazio etengabea, manipulazioa eta intoxikazio mediatikoa jasan behar izan ditugu. Are gehiago, Askapenako kideen atxiloketei eta epaiketa politiko bati ere aurre egin behar izan diegu. Baina herriak libre izateko jaio gara, eta Estatua epaitu eta gure kideak nahiz antolakundea etsaien atzaparretatik askatzea lortu dugu», esan dute.

«30. urteurren honetan Askapenatik, herrion burujabetza jarri nahi dugu erdigunean. Ez baita proiektu askatzailerik, burujabetzaren aldarrikapenik gabe. Burujabetza, ordea, ez soilik zentzu politikoan, hau da, lurralde jakin bateko erabakiak hartzeko gaitasun gisara ulertua. Burujabetza ekonomiaren, gorputzaren, elikaduraren, ekologiaren, hizkuntzaren, hezkuntzaren… gaineko boterea eskuratzea ere bada. Burujabetza herri langileek beren interesak defendatzeko duten tresna garrantzitsuenetakoa da», azaldu dute.