NAIZ
GASTEIZ

Memoria eta Bizikidetzari buruzko ponentzia «berehala» lanean has dadila eskatu du EH Bilduk

Gasteizko Parlamentuko Memoria eta Bizikidetzari buruzko lantaldea berehala lanean has dadila eskatu du EH Bilduk, gaixotasun larriak dituzten presoen egoerari eta dispertsioari erantzutea «premiazkoa» dela iritzita. Legebiltzarrean espetxe politikaren transferentziaren egoera aztertzeko ponentzia bat sor dadila ere proposatu du.

Julen Arzuaga eta Jone Goirizelaia, gaurko agerraldian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Julen Arzuaga eta Jone Goirizelaia, gaurko agerraldian. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Memoria eta Bizikidetzari buruzko lantaldea sortzea erabaki eta hiru hilabetera oraindik eratu gabe egotea «ulertezina» da EH Bilduren iritziz eta horregatik «berehala» martxan jar dadila eskatu dute Julen Arzuaga eta Jone Goirizelaia legebiltzarkideek, gaur goizean egin duten agerraldian.

«Ez dugu ulertzen zergatik atzeratzen ari den ponentzia hori lanean hastea, emergentziazkoak diren hainbat arazori erantzuna eman behar zaielako», ohartarazi dute.

Koalizioak «premiazko» jotzen ditu, hain zuzen ere, gaixotasun larriak dituzten presoen egoera, eta dispertsioarekin bukatzea. Horregatik, ETAren armgagabetzearen ostean, «lehentasunezkoa» dela sute du preso gaixoen aferari ikuspegi humanitario batetik heltzea, sakabanaketa politikaren aurkako «akordio politiko zabalak» lantzea eta, horrekin batera, «salbuespenezko legedia bertan behera uzteko urratsak ematea, bakea eta normalizazio politikoa lortzen lagunduko duen legedi arruntera pasatzeko».

EH Bilduren aburuz, gai horien inguruko erabakia Madrilen esku badago ere, «hemendik eragiteko gaitasuna dugu, bultzada politikoa eta instituzionala eman dezakegu».

Proposamena

Arzuagak eta Goirizelaiak azaldu dutenez, EH Bilduk ‘Bakerako Euskal Konponbidea’ izenburua duen txostena eramango du proposamen gisa Memoria eta Bizikidetzari buruzko lantaldera, «akordietara iristeko borondatearekin».

Txosten horretan 68 ekintza proposatzen ditu eta «sei jada bete egin dira ETAren armagabetzearekin». Lakuako Gobernuak txostena ezagutzen duela esan dute, eta koalizioak adostasunak bilatzeko prestutasuna duela erantsi.

Dokumentuak lau ardatz nagusi ditu: biktimen erreparazioa, ETAren armagabetzea, preso eta iheslarien egoera eta lurraldearen desmilitarizazioa.

Espetxe politikaren transferentziarako ponentzia

Bestalde, EH Bilduk Legebiltzarrak espetxe politikaren transferentziaren egoera aztertzeko ponentzia bat sor dezala proposatuko du. «Aztertu behar dugu zer nahi dugun eta nola kudeatu nahi dugun espetxe politika, zer nolako aldaketa legalak behar diren eta zer nolako eredu alternatiboak aplikatu ditzakegun zigorrak betearazteko jendea ezinbestean kartzelan sartu gabe», azaldu du Goirizelaiak.