Haritz LARRAÑAGA
BAIGORRI

Euriak ezin izan du Nafarroaren eguneko giro bikaina apaldu

Nafarroaren egunak Euskal Herri osotik etorritako lagunak batzen jarraitzen du. «Kartsuki, alaiki, herria eraiki» zen aurtengo lelo nagusia eta hori praktikan nola gauzatzen den ikusteko parada ezin hobea izan da, besta eta engaiamendua eskutik joan daitezkeela erakutsi baitute antolatzaile zein parte hartzaileek. Haize ufada indartsu eta euri zaparrada mardulak izan arren, jendeak aterpea bilatu eta giro onaz gozatzen jarraitu du egun osoan zehar.

Jendetza bildu da Baigorrin. (NAIZ.EUS)
Jendetza bildu da Baigorrin. (NAIZ.EUS)

Goizean izan dira agerraldi garrantzitsuenak. Batetik, udaletxean, besteak beste, Jean-Mitchel Coscarat, Baigorriko auzapezak ongi etorria egin dio, Joseba Asiron, Iruñeko alkateari, baina albiste nagusia kalean zen, 2017ko Nafarroaren eguna iratzartzen ari baitzen.

Eliza inguruan ziren eragile desberdinen postuak, eta baita egunari indarrez aurre egiteko askari bikaina eskaintzen zuen ostatua ere. Pixkanaka kaleak betetzen joaten dira, haizeak astinduta airean utzi dituen akazia loreek lur hartu eta haiekin batera han-hemenka soinu desberdinak sortu dira, hala nola, eskuko soinuaren hauspoak igorritako notak, dultzainero eta danbor-joleen piezak, kalean behera zetozen dantzarien txintxarriak edo bozgorailuetatik kantari zen Gozategiren hitzak entzun zitezkeen.

Zuntzurruek ireki dute bidea, bulunba hots ozenekin, eta haien atzetik Nafarroa osotik gerturatutako dantzari musikari eta jiganteak, Uztaritzeko txaranga, Baigorriko erraldoi eta gaiteroak, Agoitzeko konpartsa, Otsagabiako dantzariak eta Tafallakoak. Azken hauek gainera aipamen merezia izan dute, orain hogei urte Baigorritarrekin harremanak lantzen hasi, eta aurten, indarberritzeko asmotan direla iragarri baitute. Guztien atzetik, txirrindulari lasterketa batean gibelean doan erratz-kamioia bezala, trikitilariak kalea garbitzen.

Guztiek lur hartu dute eliza ondoko frontoian eta iluntzen ari zen zeruari kolorez eta irriz egin diote aurre. Ikuskizunak erakarrita gerturatu den jendeak txaloz erantzun du eta giro aparta sortu da. Eguerdiko hamabietan puntuan, elizako kanpaiekin batera hasi dira erortzen lehen euri tanta lodiak. Koldobike eta Karmelek, «kartsuki eta alaiki», irrintzi luze bana bota dute, eta amaieran, haietako batek mikrofonoa hartu eta zerura begira, lainoei zuzendu zaie, «ea irrintziekin hodeiak botatzen ditugun eta egun ona izaten dugun» galdegin du, eta esatariak erantzun dio, «horrekin eguzkia ez da eskapatzen ahal».

Irrintziek efektua egin dute antza, ekitaldiak iraun duen artean ez baita aparteko zaparradarik izan. Nafarroaren eguna antolatzen duten Basaizeako kideek ozta-ozta irakurri ahal izan dute aurtengo mezua. Testuinguru politikoa izan dute mintzagai nagusi, «armagabetzea, aspaldiko proiektu globalean urrats bat gehiago» izan dela nabarmendu, eta aurrera begira, gizarte zibilak izango duen garrantzia azpimarratu dute. «Paradoxa bat dirudi, baina apirilaren zortziaz geroztik, armak gure esku daude», ohartarazi du mintzalariak.

Bigarren hizlari batek, «duela 50 urte, gaur egun hainbeste ikastola, irrati, euskara ikastaro, mugimendu eta elkarte izango zirenik inork gutxik usteko» zuenaren gogoeta eginaz, datorren mende erdian ere gauza anitz egin daitekeela erantsi du.

«Autodeterminazio eta burujabetzaren bidean, Kataluniak erakutsi duen indarra» eredu hartuta, ikasgai bat badagoela ziurtatu du, alegia «herriak etorkizuna bere gain hartu behar du». Horretarako, eta aurtengo goiburuari zentzua ematen, bidea zein den ere aditzera eman dute: «Gure egitasmoak kartsuki gauza ditzagun eta gure izatea alaiki ospa dezagun, goazen ideietatik egiteetara. Gaurko tragoek ideia berri batzuk sortuko dituztelakoan, urrea lurpean xerkatu gabe, gure altxorra lur gainean erein dezagun».

Mezu nagusiaren ostean bertsolariek ere, jada indar hartzen hasia zen euriari igorri diote oharra: «Euriak ez du zatitzen Nafarroaren jendea». Bete-betean asmatu du bat-bateko kantariak, hortik aurrera jendea banandu beharrean, aterpeetan biltzen hasi baita. Mila lagun izan dira bazkarian, eta ehunka Baigorriko eremu desberdinetan barreiatuak zeuden ostatu eta karpetan. Musikak, taloek, eta zintzur bustitzeak egun osoan jarraitu dute, urtero bezala, giro paregabean.