Erreportajea
 
Etxauz gaztelua: mila urteko historia aparta

Etxauz gaztelua dagoen gunean bertan kokatu da Baigorriko bizkondeen egoitza XI. mendeaz geroztik, 1033tik 1830era. Herriaren gainaldean, Erdi Aroko bere bi izkinetako dorreekin eta aro modernoko beste bi dorretxoekin. Jauregiaren alde zaharrenak XI mende bukaerakoak edo XII. mende hasierako dira, baina gaztelu gehiena berreraikia izan zen XVI. mende hondarrean eta barnea berrantolatua XVII, XVIII eta XIX. mendeetan. 

Gotzon ARANBURU|BAIGORRI|2017/05/12 10:05
Etxauzia-barrutik
Etxauzia gazteluaren barruko irudia.

Jaurgaineko Joanes historialariak dionez, Santxo III Iruñeko erregeak (1004-1035) Baigorriko ibarra bere hurbileko jauntxo bati eskaini zion, zain zezan, bizkonde izendatuz. Gartzia Otsoa zuen izena, garai hartan Gorteko botileroa eta Bizkaiko kondearen anaia. Baigorriko bizkondeak Nafarroako Erregeen hurbilekoak eta ahaideak dira, XI. mendeaz geroztik gorteko partaide, eta baita ere erregeen armadetako aitzindari edota gotorlekuetako zaindari edo merindadetako buru bezala ezagunak. 

XIV. mende erditsutik Baigorriko bizkondeek «Etxauz» izena hartzen dute, alegia, beren jauregi nagusiarena. Iruñeko artxibategietan jasota daude izen horren lehen idazkiak, 1350ekoak. Maria d’Echaoz bizkondearen alaba aipatzen dute, eta Miguel d’Etchaoz, ezkutari eta seguru asko bizkondearen semea, Nafarroako errege zen Karlos II.a lagundu zuena Normandian.

Etxauztarren dinastiak bere ospe garaiak XIV. mende hondarrean eta XV.aren hastapenean ezagutuko ditu, Semen Gartzia, Baigorriko hamalaugarren bizkondearekin. 1389an zaldun egin zuen Karlos III.ak eta 1390ean erregeren koroatzean parte hartu zuen. Haren semea, Joanes, Lizarrako merindadeko «merino mayor» izendatu zuten eta 139an Oliteko gazteluan ospatu ziren bere ezteiak.

Labrit dinastiari leial

1512 eta 1527 artean, Etxauzeko Grazian Agramonteen leinuari lotuko zaio eta Nafarroaren independentzia defendatuko du, legezko errege diren Labriteko Joanes eta Biarno-Foix-eko Kattalinen alde. Nafarroa menperatua izan ondoan, Etxauztarrek, Labrit dinastiari leial izanik, Pirinioen iparraldearen askapenean parte hartu zuten eta 1527tik aurrera Baxenabarre bilakatuko den lurraldean Nafarroako erresuma txikiaren berrantolaketan. Erresuma horretako jaun handienetakoak izango dira Etxauziarrak, eta Agramont, Lukuze eta beste jaun handien ondoan Nafarroako Estatuetan beren aulkia edukiko dute.

Gazteluak asko sufritu zuen erlijio gerlen garaian. Etxauzeko Antonio, Grazianen semea, katolikoen ligan engaiatua izanda Labriteko Joana erreginaren kontra aritu zen. Protestanteen indarrek gaztelua erre ote zuten? Badakigu gaztelua berreraikia izan zela XVI. mende hondarrean eta XVII. mende hastapenean. Etxauzeko Bertrand (Axularren laguna), Antonio bizkondearen seme gazteena, Baionako apezpiku izango da 1599 eta 1617 artean, eta ondotik, Tours-eko artzapezpiku, 1641ean hil are. XVI. mende hondarrean bere anaiari idazten dion gutuna oso interesgarria da, goitik behera euskaraz idatzita baitago.

Mende hastapenetan, bizkonde titulua eta gaztelua Saint-Martin familiaren esku geldituko da, eta 1750 inguruan, Lapurdiko Senpere herriko Caupenne d’Amou-koen eskuetan. 1795eko urtarrilaren 23an, Jeanne-Marie Marguerite Caupenne d’Amou, titulu eta gazteluaren oinordekoa, Jean Harisperekin ezkonduko da. Baina bikoteak ez du haurrik izango eta bizkondeen dinastia horretan itzaliko da, Jeanne-Marie Marguerite, Etxauziako azken damarekin, 1832ko otsailaren 10ean.

Harispe Konbentzione gerletako garaian frantses armadetako kapitaina izango da, eta Napoleonen kanpainetan parte hartuko du. Inperioko konde izendatuko dute eta Frantziako mariskala. Ez da, ordea, Etxauziako gazteluan bizi den bere emaztearekin egoten. Berak nahiago du erosi duen Lakarrako gaztelua. 1848an, Jeanne-Marie Margueriteren ilobak Etxauzia gaztelua euskaldun-irlandesa den Abadiatarren familiari salduko dio.

Charles d’Abbadie

Charles d’Abbadie d’Arrast gazteluan bizi da bere heriotzara arte, 1901eko abenduan. Charlesen biloba den Harry maiz joaten da gaztelura. Hollywood-en ari da lanean, lehenik Charlie Chaplin-en laguntzaile eta gero filmegile eta gidoilari. 1920-1930 urteetan D’Abbadie d’Arrast eta Chaplin hiru aldiz izango dira Etxauzian.

1940 eta 1944 artean, alemanen armadak okupatuko du gaztelua eta bere kuartel nagusi bezala erabiliko. Gazteluan bizi diren soldaduak –muga zaintzera etorriak– teilatu azpietako hormetan utzi dituzte alemanez idatzi eta marrazki batzuk, gaur egun oraindik ere ikusi daitezkeenak. Gerra bukatzean, nahiz eta beti d’Abbadie d’Arrast-en esku izan, gaztelua hutsik geldituko da. Harry 1968an hilko da eta 1976an, Eleanor Boardmanek, Harry d’Abbadie d’Arrasten alargunak, gaztelua salduko du.

Miamiko dirudun batena

Ondorengo urteak zailak izango dira. Gaztelua bipildu eta xehatu egingo dute jabe berriek, altxor bat aurkituko duten uste ustelean, eta azkenean bazterrera utzia geratuko da 1994ra arte. Hainbat ekimen aurreikusten dira, baina burutu ez. Halere, 1989an Frantziako monumentu historikoen zerrendan sartuko dute. 1994an, Baionako bikote batek, Pierné senar-emazteek, Etxauzia erosi zuten, eta erabat eraberritu. 1997an ‘Vieilles maison françaises’ sari handia eskuratuko dute Pierné senar-emazteek. Etxauzia luxuzko ostatu etxe bilakatzen da, ezkontzak, gomit festa handiak, ospakizunak… antolatzeko toki bat.

2003ko abenduan Pierné bikoteak Azrani bikoteari saldu zion gaztelua. Senarra Miamiko dirudun bat da eta bere emaztea jatorriz Erratzukoa, Baigorri ondoko auzo ibarrekoa. Azranitarrak dira egungo jabeak, eta gaztelua udako egoitza bezala baliatzen dute.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK