Maiatzaren 28an Mungian ospatuko den Ibilaldiaren egitaraua aurkeztu dute

«Egunero alkarregaz» da 2017ko Ibilaldiaren leloa eta Mungiako Larramendi ikastolak antolatu du. Hesian, En Tol Sarmiento, Itziarren Semeak edo Anje Duhalde musika taldeak arituko dira zuzenean.

NAIZ|2017/05/16 12:33
Ibilaldia
Ibilaldiko ordezkariek egitaraua eta guneak aurkeztu dituzte. (ARGAZKI PRESS)

Maiatzaren 28an ospatuko da Ibilaldia Mungian. Larramendi ikastola arduratu da aurtengo edizioaren antolakuntzaz eta egitaraua aurkeztu berri dute Bilbon.

Mungia eta Larramendi Ikastola batuko ditu aurtengo ibilbideak, herriko bidegorria oinarri hartuta. Natura eta paisaiaz gozatzeko aukera ematen du eta 5,7 kilometroko luzera dauka. Guztira lau gune izango dira.

Lehenengoa, ‘Egunero’ bezala izendatu dutena Larramendi ikastolan kokatua. Bigarrena ‘Erdu’ deituko da, Iturbaltzagako auzoan kokatu dago eta 1998an Mungian ospatu zen Ibilaldia gogora ekarri dute «Erdu Geugaz» zuelako leloa. 

Hirugarren gunea ‘Alkarregaz’ deitzen da eta Atelan dago. Laugarrena ‘Jaio’ deitzen da eta Mungiako erdigunearen hasieran dago. Mungian jaio zelako gure ikastola.

Lau guneen izenekin Ikastolaren denbora lerroa osatu nahi izan dute. Atzetik zein aurretik irakurri ahal dira, ‘egunero erdu, alkarregaz jaio’ edo ‘jaio alkarregaz, erdu egunero’ esaldiak sortuz.

Egitaraua

Egitarauan adin guztietarako ekitaldiak antolatu dituztela nabarmendu dute. Musika, jokoak, espektakuloak, tailerrak, kirola, dantza, animaliak, literatura eta abar izango dira. «Herritarra, parekidea eta parte-hartzailea» den egitaraua landu dutela azaldu dute eta «gaztetxoen inplikazioa bilatzeko», Erronka izeneko proba izango da.

Erronkaren helburua 14-16 urte bitarteko gazteek festa egunean parte-hartze aktiboa izatea da, eta horretarako proba ezberdinak izango dira taldeka gainditu beharrekoak.

Musika atalari dagokionez, Hesian, En Tol Sarmiento, Anje Duhalde, Ero eta Neke Politikoa taldeak arituko dira. Aurtengo Ibilaldiaren kantua egin duen Itziarren Semeak taldea ere izango da.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK